Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan ia 28.000 langile (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta Haurreskolak Partzuergoan 1.200 langiletik gora zeuden deituta grebara. ELA, LAB eta Steilasen arabera, deituta zeuden langileen %75ek baino gehiagok egin dute bat grebarekin; %90ekoa haur eskoletan, %85 heziketa berezian, %80 sukalde eta garbiketan, eta %75etik gora irakasleetan. Hala, deialdiaren oihartzuna «aparta» izan dela esan dute.
Bilboko manifestazioa. Argazkia: Steilas sindikatua
CCOO eta UGT sindikatuek ere grebarako deia eginda zuten. CCOOren arabera, %80-90eko oihartzuna izan du gaurko grebak, eta UGTk gaineratu du ia zentro guztiak itxita egon direla.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, berriz, gaurko grebaren jarraipenaren zifra apalagoa eman du: %59,8, hain zuzen.
Eskatzen dituztenak. Gaur egindako grebagaz «hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea, onartezinak diren behin-behinekotasun mailak eta gelako ikasle kopurua murriztea, eta soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan eta gainerako lan baldintzetan ezarritako murrizketak alde batera uztea» exijitu dute beste behin ere ELA, LAB eta Steilas sindikatuek.
Bestalde, «ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea, eta LOMCE eta Heziberri zein hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea» ere aldarrikatu dute.
Era berean, ohar bidez azaldu dute «Hezkuntza Sailburuak adierazitakoaren aurka, milaka langile, ikasle eta familiek bere egiten dituzten aldarrikapenek, hezkuntza sistemaren diagnostiko larri bati erantzuten die eta premia larrienei irtenbideak eskaintzen dizkiete».
Orain arte, baina, Eusko Jaurlaritzak proposamen horien inguruan «benetako negoziazio asmorik ez duela agertu» azaldu dute; «are gehiago, propagandaz bildurik plazaratu duen aurrekontu egitasmoak ez du egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen».
Gauzak horrela, Hezkuntza Sailak aldarrikapen horiei erantzungo dioten neurri zehatzak mahai gainean jartzen ez dituen bitartean, greba eta mobilizazio dinamika «indartu beste biderik ez daukatela» ohartarazi dute.
Gaur eguerdian, manifestazio jendetsuak egin dituzte Bilbo, Donostian eta Gasteizen.