Atzo arratsaldeko porrotaren ostean, Dia Ligaren sailkapenean postu bat behera egin du talde gernikarrak. Hain zuzen, zortzigarren postutik
bederatzigarrenera jaitsi da (16 puntu ditu).
Merezitako garaipena lortu zuen talde errioxarrak. Batik bat Lointekek
lehen zatian defentsan izandako
arazoek, etxeko taldeak partiduaren kontrola edukitzea ekarri zuen. Gernika-Lumoko taldea bigarren zatian hobeto aritu zen, baina ez zen nahikoa izan.
Hasierako minutuetan saskiratzeak erraz lortu zituen etxeko taldeak. 12-14ko markagailuak erakusten duen moduan, parekotasuna egon zen hasieran, baina lehen laurdena amaitzerako etxekoen nagusitasuna nabarmena izan zen. Campus Prometeko Giddenen eta Lointek Gernika Bizkaiako Caldwellen artean norgehiagoka polita egon zen hasieratik.
26-17ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena, eta bigarrenaren hasieran
etxeko jokalariak trabatuta aritu ziren. Lointekeko jokalariei dagokienez, esaterako, Marina Bas pibot errusiarraren eta Naiara Diez kapitainaren saskiratzeekin aurkariengandik bost puntura jarri ziren: 29-24. Gero, 29-27ko markagailuagaz hutsartea eskatu zuen Jorge Elorduy Campus Prometeren entrenatzaileak. Haren aginduek eragin zuzena izan zuten etxekoen jokoan. Hala, berriro ere bederatzi puntuko aldeagaz markagailuan aurretik ziren etxekoak (36-27), eta errenta horri eutsiz heldu ziren
atsedenaldira (35-45).
Naiara Diez Lointekeko kapitaina atzoko partiduan.
Argazkia: Gernika KESB.
Hirugarren laurdenean bestelako itxura erakutsi zuen Lointekek; defentsan intentsitatea hobetuz eta erasoan asmatuz
2-10ko partziala lortu zuten lau minutu eta erdian. Hori geldiarazteko asmoz, Elorduyk hutsartea eskatu zuen. Gero, markagailua iraultzeko gutxi falta izan zitzaion Lointeki (49-45), baina trabatuta geratu zen; nahi eta ezinean. Bitartean, erakustaldi handirik eman barik, baina etxeko taldeak puntuak pilatzen jarraitu zuen. Hirugarren laurdeneko azken jokaldian txarto defendatu zuen talde gernikarrak, eta 58-51ko markagailuagaz heldu ziren azken laurdenera.
Azken txanparen hasieran, Lointekeko defentsa lan sendoaren ondorioz, etxekoak noraezean ibili ziren. Juana Molinaren hirukoagaz lau puntura hurbildu ziren Lointekekoak (58-54), baina jarraian bost erasoko jokaldi alferrik galdu zituzten. Caldwellek ezin zuen Giddenegaz, eta Estebas etxeko jokalariaren hirukoa erabakigarria izan zen. 63-54 ko emaitzagaz zeudela zazpi bat minutu falta zitzaizkien neurketa amaitzeko. Baina azken minutu horietan Lointekeko neskek ez zuten asmatu. Bazekiten aukerak bazituztela, baina ahalegindu arren ezer gutxi egin izan zuten.