Mundakako arraun taldeko
zuzendaritza talde berriaren eta arraunlarien aurkezpena egin zuten domekan. Familia argazkia atera eta luntxaren aurretik, nesken eta seniorren taldeek entrenamendua egin zuten, eta zuzendaritzako kideak ere traineruan buelta bat ematera animatu ziren.
Arrauna
kategoria desberdinetan herrian bizi eta disfrutatzeko lan egingo dutenaren konpromisoa hartu dute. “Harrobiko klub txikia gara, eta helburu nagusia harrobia zaintzea eta bultzatzea da; herriko zein inguruko edozeini arraunean aritzeko aukera ematea”, azaldu du Aitor Aizpurua idazkariak.
Gaztetxoen, nesken eta nagusien mailako taldeekaz lehiatzea da denboraldi honetarako daukaten helburua, batez ere neguko batel trainerillan eta traineruen estropadetan. Hala, gazteekin lan handiagoa egiteko eta klubean “haize berriak” sartzeko asmoa dutela jakitera eman dute. Beraz, arraunean hasteko asmoa dutenei eurekin harremanetan jartzeko gonbita luzatu diete. Horretarako
mundaka.at@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaltzeko eskatu dute.
Zuzendariza taldekoak, batzordekideak zein entrenatzaileak denak dira mundakarrak. Ignacio Lezaolak hartu du presidente kargua, Koldo Ruiz da lehendakari ordea eta Aitor Aizpuruak egingo ditu idazkari lanak. Halaber, Iker Goikoetxea da seniorren entrenatzailea; Dani Aranagaz entrenatzen dute neskek, eta gaztetxoenek Ander Zabalagaz eta Jefferson Alonsogaz.
Domekan atera zuten talde argazkia.
Argazkilaria: Mundaka Arraun Taldea.
“Kiroltasunean, alaitasunean eta anaitasunean” oinarrituta burutuko dute bidea. Ume eta gaztetxoak erakartzeko lan handia egiten jarraituko dute. Horiek arraunean ikastea, ondo pasatzea eta pertsona zein kirolari moduan formatzen laguntzea da denen nahia, bai eta
talde lanaren balioa transmititzea ere. “Aurten posible ez balitz, etorkizunari begira
Erramon berriro ere uretan eta sailkapen taulan ahalik eta altuen ikustea izango da gure lana, emakumeek zein gizonek bogaturik”.
Hala, Mundakako
nesken artean arraun kultura sortzeko apustua egin dute, eta horrekin batera, klubaren eta herritarren arteko
komunikazioa eta elkarlana hobetzeko zereginean pausoak ematearen garrantzia nabarmendu dute: “Gure ustez herriari gauzak eskaintzen badizkiogu, erantzun baikorra izango dugu herriaren kolaborazioa behar dugunean”.
HELBURU NAGUSIAK:
- Mundakan arrauna bultzatzea, haurrek arraunarekiko interesa eta praktikatzeko aukera izan dezaten baldintzak sortuz, pertsona eta kirolari bezala hezi daitezen lagunduz.
- Klubeko senior kategoriari bultzada ematea, arraunlariei proiektu erakargarri eta lehiakorra eskaintzen saiatuz.
- Maila guztietan (administratiboan, ekonomikoan eta sozialean) kluba ondo kudeatzea.
- Herriarekiko konplizitatea handiagotzea, komunikazioa indartuz eta elkarlan guneak sortuz, besteak beste.