'Hauspoaren dantza' berbaldi musikatua eskainiko dute gaur
Korrontzi taldearen eskutik, Hauspoaren dantza hitzaldi musikatua ikuskizuna hartuko du gaur, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoak. 19:00etan hasita, Agus Barandiaranek trikitixa eta dantzaren inguruan hitzaldia eskainiko du, euskal erritmo eta dantzei...
Korrontzi taldearen eskutik, Hauspoaren dantza hitzaldi musikatua ikuskizuna hartuko du gaur, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoak. 19:00etan hasita, Agus Barandiaranek trikitixa eta dantzaren inguruan hitzaldia eskainiko du, euskal erritmo eta dantzei buruzko azalpenak emanez. Berbaldian Izaskun Iturri dantzaria izango du lagun. Iturrik, hain zuzen, dantza erakustaldia egingo du. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.
Hauspoaren dantza ekimenean trikitixaren historia laburra denboran barne azaltzeaz gain, trikitixaren erritmo tradizionalak eta euskal musikaren erritmoei buruzko azalpenak emango dituzte, dantzen erakustaldiekin lagunduta. Berbaldia amaitzerakoan, ikusleek galderak egiteko eta Korrontzi taldekoekin solasean aritzeko tartea edukiko dute.
Jendartean zabaltzeko
Sentsibilizazio lana egin gura du Korrontzik Hauspoaren dantza egitasmoaren bitartez. Euskal Herrian sortu eta ekoiztutako musikaz sentsibilizatu eta berau ezagutzeko bidea zabaldu gura du, herritarren artean euskal musikaren estimazioa eta presentzia soziala indartzeko.
Agus Barandiaranek sortu zuen Korrontzi folk taldea, Euskal Herriko musika tradizionalari eta herrikoiari bultzada eman asmoz. Trikia oinarri hartuta, antzinako doinuetan babestutako folk musikari gaurkotasuna erantsi dio taldeak.