Espainiako Auzitegi Nazionalak 161 urteko kartzela zigorra ezarri dio Eneko Goieaskoetxeari
1997. urteko abuztuan Comillasen (Kantabria, Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontrako eraso saiakera egotzi diote euskal preso busturiarrari. Epaia eman du auzitegiak, eta 161 urteko zigorra agindu du Goieaskoetxearentzat. Sententziak, hala ere, auzitegiaren erabakiarekin bat ez datorren epaile baten botu partikularra jaso du. Epaile horren arabera, “ez dago froga nahikorik Goieaskoetxearen parte hartzea egiaztatzeko”.
Hala ere, sententziak dio “frogatuta geratu da Goieaskoetxeak hiru granada jarri zituela Guardia Zibilaren kuarteletik hurbil”. Fiskaltzak 172 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Goieaskoetxearentzat.
Hain zuzen, “11 hilketa terrorista” egiten ahalegintzea leporatu diote Goieaskoetxeari, eta kasu bakoitzarengatik 14 urteko zigorra ezarri. Bestalde, 7 urteko kartzela zigorra gehitu dute “hondamendi delitu” batengatik.
Goieaskoetxea zigortzeko, epaileek “Kepa Arronategirekin elkarbanatzen zuen baserrian aurkitutako dokumentazioa, tresnak eta hatz markak” kontuan eduki dituztela dio sententziak, bai eta “etxean zeuden lehergailuak”.
2011n atxilotu zuten Goieaskoetxea, Cambridgen (Erresuma Batua), han bizi baitzen azken urteetan, izen faltsuarekin eta familiarekin. Espainiak busturiarra estraditatzeko eskaera egin zuen, eta, helegiteak jarri zituen arren, Londresko Auzitegi Gorenak atzera bota zuen jarritako azkena. 2012ko uztailean Espainiaratu zuten.