13 urtean toki eta pertsona berezi asko ezagutzeko aukera eduki du Sarkor musika taldeak. Bizipen ugari bizi izan dituzte, baina orain, taldea uzteko momentua iritsi zaie hiru lagunei.
13 urte eta gero… agurra. Zer dela eta?
Gentza Madariaga: Abesti berriak grabatzen geundela pare bat gorabehera izan genituen gure artean, baina abestiak eginda zeudela kontuan hartuta, aurrera egitea erabaki genuen. Azkenaldian, baina, nabaritzen genuen konpromisoagatik entse-
atzen genuela; kontzertu bat eman behar genuenean, esaterako. Horrek zerbait esan nahi zuela ohartu, eta era natural batean atera zen erabakia izan zen.
Asier Musatadi: Kontzertu batzuk zehaztuta zeuden, eta, beraz, entseatu egin behar genuen. Baina Gentzak komentatu dituen gorabehera horiek ez dira modu txarrean hartu behar. Egoera ezberdinek bultzatuta gertatu ziren; azken finean, hamahiru urte egin ditugu elkarrekin jotzen. Aurreko diskoko maniak hasi ziren berriz ere islatzen. Bide ona eta polita egin genuela uste genuen, eta uzteko momentua zela erabaki genuen. Gure artean berba egin, eta erabakia aho batez hartu genuen.
Argazkia: Oier Elorriaga.
Ibilbide luzea egin duzue, aldaketaren bat edo bestegaz…
A.M.: Aldaketa Jon Rementeriak taldea utzi zuenekoa izan zen. Talde konbentzionalek beste musikari bat sartzen dute utzi duenaren lekua betetzeko, baina guk beste gitarra jotzailerik ez sartzea erabaki genuen. Azken finean, bizi osoan elkar ezagutzen dugun lagunak gara, eta gure ongizatea lehenetsi genuen. Gure bidea egina geneukan, eta ez genuen ezer gehiago erakusteko.
13 urtetan momentu asko bizi izango zenituzten.
G.M.: Momentu on asko bizi izan ditugu, eta txarrak ere izan ditugu, baina guztia ona iruditzen zait orain.
A.M.: Azken kontzertuak, nire ustez, orain arte ereindakoa batzeko momentuak izan dira. Lehen 10 edo 12 urteetan erein dugu, eta azkenaldian batzen aritu gara; kontzertuak oso erraz lotu izan ditugu, eta nahi izan dugun tokietan jo dugu. Lagun asko egin ditugu, gainera, bidean. Azken kontzerturako ere jende asko mobilizatu da.
Taldea uzteak pena ere emango du, ezta?
G.M.: Guk penaren fasea pasatu genuen; orain dena da ona.
A.M.: Gure artean hitz egin ez arren, nik uste dut azken diskoa kaleratu genuenean bagenekiela azkena izango zela. Dolu hori kontzertuz kontzertu pasatzen joan gara. Azken kontzertua ez dugu agur moduan hartuko, jai bezala baino.
13 zorte txarraren zenbakia dela diote. Zuek zorte txarra edo eduki al duzue?
G.M.: Beti pentsatu izan dugu zerbait nahi izatekotan guk geuk egin eta lortu behar genuela; inork ez zigula ezer oparituko. Beti izan dugu filosofia hori; guk geuk egitea, inork esan barik noiz atera behar genuen diskoa edo non jo behar genuen. Eta nik uste dut guk egindako guzti horren buelta datorkigula orain.
A.M.: Promozioa egingo zigutela esan ziguten, eta Baga Bigaren zigilua sartu genuen disko batean, probatzeko. Baina uste dugu horrek ez digula guri ezertan laguntzen. Gure moduko taldeei askoz gehiago merezi digu gauzak gure kabuz egiteak, askatasun osoz; azken finean, norbera baita taldea hoberen ezagutzen duena.
G.M.: Kontzertuak lotzeko, merchandising-a egiteko, promozioa egiteko, abestien erritmoa markatzeko, kontzertuak non jo zehazteko… Alde horretatik libre sentitzea da garrantzitsua; denok bizi dugun bizitza kontuan hartuta, oasi bat litzateke bestela. Horrek ere mugatuko bagintu, ito egingo ginatekeen sentipena izango genuke.
13 urte ez dira beti betetzen. Zerk lagundu dizue hainbat urtez bizirauten?
A.M.: Beharbada, talde askok betetzen dituzte 13 urte, baina urtean kontzertu bat edo bi emanda. Nik uste dut gu oso aktiboak izan garela urte horietan guztietan; bost disko kaleratu ditugu. Eta hasieratik pertsona berberak izan gara. Eta, nire ustez, harro egotekoa da hori.
G.M.: Gauza asko izan ditugu esateko. Agian, pertsona bati kontatuz gero, ulertuko ez lituzkeen gauzak izan dira, baina abestien bitartez hori sentiaraztea lortu dugu. Gainera, gurea izan den zerbait izan delako lortu dugu 13 urtez bizirautea. Musika egiten gu baino hobeak diren talde asko daude, baina sentimentuei erreparatuta, guk zerbait badaukagu, jendearengana heltzea lortzen dugu. Kalkulagailu hutsak izan baino, bihotzari jarraituta musika egin dutenak izan gara gu.
A.M.: Gainera, duintasuna izan duen talde bat izan gara beti; interesik gabe eta gutxieneko irabaziekin.
Gaur egungo musikari gazteentzako aholkurik?
G.M.: Eurek kudeatutako zerbait egitera animatuko nituzke; hori baita bidea. Nire ustez, gaur egun ez da diskoetxerik behar; garrantzitsuagoa da, esate baterako, manager on bat izatea. Denbora askoan egon izan gara isilik, eta gauzak esan egin behar dira, abesten edo jotzen… Barruko hori ateratzeko eta beren buruagan sinesteko esango nieke.
A.M.: Egiten dutena ilusioagaz egiteko esango nieke nik, zenbakietan pentsatzen egon gabe.
Bihar egingo du Sarkorrek bere azken agurra. Zer nolako eguna izango da?
G.M.: Ni emozionatuta nago. Azkenengo bi asteak oso politak izaten ari dira. Orain denbora asko entseatu ez ditugun abestiak entseatzen gabiltza; pozik goaz entseguetara… Emozioz betetako eguna eta polita izango delakoan nago. Guretzat ez ezik, guztiontzako berezia izatea gura dugu.
A.M.: Niri beldurra ematen dit egun horretan kalera ateratzeak –barre artean–; ikusi dut-eta egun horretarako muntaia izugarria izan dela. Guk kontzertua baino ez dugu antolatu. Kontzertu berezia izango da; orain arte Sarkorrek eman dituen kontzertuak baino askoz gehiago izango da. Eta gainontzekoaz ez dakigu ezer, eta horrek egiten du talde berezia izatea. Harrotasunez hartzen dugu.
Eta egun horren ostean, musika munduari lotuta jarraituko al duzue?
A.M.: Iparragirre Rock Elkarteko kide izaten jarraituko dugu; goiko lokaletatik behekoetara pasatuko gara, azken horiek baitira mugimendu gutxiagoko lokalak. Iparragirrerekin lotura izaten jarraituko dugu; gauzak programatzen, kontzertuak lotzen eta horietan egoten…
G.M.: Musika ezin da utzi; nahiz eta talde batean ez jo, musika barruan daramazu, horri lotuta zaude. Nik ez daukat asmorik Iparragirre uzteko, eta horregaz, musikari lotuta darraizu. Ez dakit gerora begira talde bat aterako den edo ez den ezer aterako.
Beraz, aurrera begira musika egiten jarraitzeko aukera ere ez duzue baztertzen.
G.M.: Nik, era pertsonalean, behintzat, ez dut aukera hori baztertzen. Egia da, Sarkor amaitu ostean denbora bat aparte egongo naizela. Baina hemendik aurrera, etorri behar dena etorriko da.
A.M.: Nik ere ez dut baztertzen. Gauza da Sarkorretik etorrita, zerbait egitekotan ere, egiten duguna ondo egitea gustatuko litzaigukela, eta horretarako denbora behar da.