Metala Astrara helduko da berriro
Gustura eta idarberrituta atera ziren Metal Fabrikaren antolatzaileak iazko bi edizioetatik. Hori dela eta, edizio berri bat daukate esku artean.?Azaroaren 25erako ipini dute hitzordua, zapatuz, Astran. Gau horretan, arma lantegia zena, beste behin ere, metal fabrika bilakatuko da.
Iazko bi edizioetako arrakasta ikusita, aurten ere formatu berari eustea erabaki dute antolatzaileek: Astra inguruan mugitzen diren metalzale kuadrilla. Hiru talderen kontzertuak eta metal musika jarriko duen Dj-a izango dira gaua girotzearen arduradunak. Lekeitiotik helduko da Didar taldea izango da eszenario gainera igotzen lehena; Aesthetic ondarrutarren abestiak entzungo dira ostean, eta Lasarte-Oriako Hilotz taldearen kontzertua izango da gaueko azkena.
Aurreko bi edizioetan egin legez, Astrako barran ateratzen duten dirua Biztu Irratia laguntzera bideratuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Jaialdia 20:30ean hasiko da.