Jangurie Urdaibaiko Eskola Jantokien ekimena aurkeztuko dute bihar

Aurkezpen ekitaldia 12:30ean hasiko da Gernika-Lumoko Domingo Alegria plazan, Merkatu plazaren aurrean. Bertan egongo dira eskola guztietako guraso, ume, irakasle eta langileak.

Jangurie ekimena Urdaibaiko eskolek “jantoki eredua aldatu nahi” dutelako sortu da, eta umeek osasuntsu jatea, Urdaibairen jasangarritasuna bermatzea eta eskualdearen ekonomia bultzatzea bilatzen du. Hori lortzeko bidean, udaberrian eztabaida prozesu bat abiarazi zuten. Horren bitartez, eskola guztiek nolako jantokiak gura dituzten adostu dute. Ikastetxe guztiek nork bere errealitatea bizi badu ere indarrak batu eta elkar laguntzarako borondatea agertu dute. Eta hala, guztien artean tokiko ekonomia bultzatu eta bertoko elikagaietan oinarritutako jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaile baten aldeko apustua egin dute.

Ekimenaren bultzatzaileek jakinarazi dutenez, “umeen eta lurraldearen etorkizuna zaindu eta hobetu gura” dute. Hala ere, hori “guztien ardura” dela eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zein Urdaibaiko instituzio eta erakundeen inplikazioa eskatu du.

Eskualdeko eskola guztiek egin dute bat aipatu ekimenagaz: Eako Haizederrek, Arratzuko Barrutialde eta Barrutiak, Muxikako Urretxindorrak, Mundakako eskolak, Busturiko Jose Maria Uzelaik, Bermeoko San Frantzisko, Eleizalde eta Sagrado Corazonek, Gautegiz Arteagako Montorrek eta Gernika-Lumoko San Fidel, Mertzede, Seber Altube, Allende Salazar eta institutuak.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

IKUSIENAK

Send this to friend