Euskaraz abesteagatik kartzelara
1967ko ekainaren 18an euskaraz abesten zeuden hamabost bermeotar kartzelatu zituzten. Gaur, Kanta kanta lorue ekimenekoek kantuzale horiek omenduko dituzte.Orain dela 50 urte hamabost bermeotar kartzelatu zituzten euskaraz abesteagatik. 1967. urteko ek...
1967ko ekainaren 18an euskaraz abesten zeuden hamabost bermeotar kartzelatu zituzten. Gaur, Kanta kanta lorue ekimenekoek kantuzale horiek omenduko dituzte.
Orain dela 50 urte hamabost bermeotar kartzelatu zituzten euskaraz abesteagatik. 1967. urteko ekainaren 18a zen, eta Artza tabernan zeuden.Herrian gertakizun hori ez da ezaguna, eta Kanta kanta lorue ekimena osatzen duten talde eta kantuzaleek ezagutzera eman eta gizarteratu egin gura dute. Modu horretan, gaur egungo kantuzaleek orain dela 50 urte kartzelatu zituzten kantuzaleak omenduko dituzte.
Hileko hirugarren barikuetan batzen dira Kanta kanta lorue ekimeneko parte hartzaileak, Bermeoko kaleak euskal kantuz betetzeko asmoz. Gaur, hileko hirugarren barikua da, eta, hortaz, kalera aterako dira.
Gaurkoa, hala ere, berezia izango da. Kaleak kantuz beteko dituzte 20:00etatik aurrera; baina lehenago Erroxape Emakumeen Elkarteak Erreten parkean duen egoitzan batuko dira. Preso hartu zituztenen familiakoek utzitako argazkiekin egindako bideotxo bat jarriko dute, 19:00etan. Omenaldi horretara preso eraman zituztenen familiak gonbidatu dituzte. 150 lagun inguru batzea aurreikusi dute.
1967ko ekainaren 18an euskaraz kantatzen zeuden horietatik hiru baino ez daude bizirik, eta haiei ere omenaldian egoteko gonbidapena egin diete. Antolatzaileek diotenez, familiek «oso pozik» hartu dute gonbidapena. Hala ere, diotenez, baten batek esan du «kontu horiek gogoratzea ez dela gustukoa», eta, agian, ez dela joango.
Argazkiekin osatutako bideoa jartzeaz gain, Kanta kanta lorue ekimenekoek lau kantu abestuko dituzte: Koldobike, Zazpi Papardo, Bermioko Kale Barrijek eta Popurri Bermiotarra.
Omenaldi «xumea», baina «gozoa» izango dela azaldu dute kantuzaleek.
Orduko albiste batetik
Donosti Kantariko koordinadoreari esker sortu zen ekimena. Azaldu dutenez, Kanta kanta lorue ekimeneko kantuzale baten laguna da, eta laneko dokumentu batzuetan informazioa bila zebilela, Txalaparta argitaletxeko liburu batean ikusi zuen orain dela 50 urte egunkari batean agertutako albiste bat. «Albiste horretan zekarren hamabi bermeotar kartzelatu zituztela gauean kantuan ibiltzeagatik». Albisteari argazkia atera, bidali, eta modu horretan izan zuten Bermeoko kantuzaleek horren berri. «Albistea zabaldu zenean jakin genuen taldean gugaz kantuan ateratzen den kideetako baten neba kartzelara eraman zutenetako bat izan zela. Hala, galdetzen hasita, guztien izen-abi- zenak lortu genituen».
Esan dutenez, Angel Lasernaren ezkondu aurreko agur festa ospatzen ari ziren hamaika edo hamabi lagun inguru. Sasoi hartan 35-40 urte bitartean zeuzkaten. Festa horretara batu ziren 18-20 urte arteko beste hiru lagun. «Teoria bi daude» diote omenaldiaren antolatzaileek; «ez dakigu salaketa jarri bazuten euskaraz kantuan aritzeagatik edota zarata egiteagatik. Salaketan, hala eta guztiz ere, kantu independentistak abesten zeudela irakurri daiteke. Goizaldeko 01:30ak ziren. Tabernaria ere, Jose Larrauri Ituarte, taldearekin batera eraman zuten kartzelara».
Hainbat familiagaz berba egin ostean, zeinek bere bertsioa dauka: «Batzuk kartzelara joan ziren, eta bi edo hiruk saihestu egin zuten, ordainketa eginda. Baina isunaren zenbatekoa ez dago argi. Batzuek esaten dute 7.000 pezeta izan zirela. Guk familiek emandako bi salaketa dauzkagu. Biek dakarte isuna 15.000 pezetakoa izan zela. Beste batek, baina, isuna 25.000 pezetakoa izan zela esaten du».
Basaurira eraman zituzten preso. Baina, antza denez, lanak egiten ari ziren kartzelan, eta hango pabiloietan ez zegoen bakarkako gelarik. Kartzelatutako guztiak, horrenbestez, pabiloi berean sartu zituzten. «Oheak jarri barik zeudela kontatzen dute, eta emazteek gizonek itsasontzietarako erabiltzen zituzten gauzak eroan zizkietela kartzelara, eta holan egiten zuten lo», azaldu dute kantuzaleek.
Hilabete bat preso
Hainbat bertsio dauden arren, gehienek bat egiten dute esatean bermeotarrak hilabetez eduki zituztela preso. Oraindik bizirik dagoen Julian Azkaratek kontatzen duenez, tarte horretan «inoiz baino gehiago eta hobeto» jan zuten. «Emakumeak egunero joaten ziren kartzelara gosaria, bazkaria eta afaria eramatera. Hori da gogoan duten gauzarik onena».
Gaur, ekitaldia amaitu ostean, 20:00ak aldera kantuan atera dira. Hala eta guztiz ere, Goiko Plazatik atera beharrean, Erreten parketik aterako dira kantuzaleak, eta Lameratik eta Portuzarretik ibiliko dira kantu kantari, erronda egiten.