Marina Bas pibotak Lointeken jarraituko du
Marina Bas pibotak Lointek Gernika Bizkaian jarraituko du. Errusiarra urrian heldu zen taldera, Talia Caldwell iparramerikar pibotaren hutsunea betetzeko, baina klubak jakitera eman duenez, momentuz taldean jarraituko du.Ez dute datarik zehaztu. Jokala...
Ez dute datarik zehaztu. Jokalariak eta klubak gura izanez gero, denboraldi amaiera arte geratu liteke, eta jokalariak beste eskaintzaren bat onartuz gero edo klubak hala erabakiko balu, taldea edozein momentutan utziko luke. Jokalaria gustura dago Lointeken, eta talde teknikoa pozik dago hark egindako lanagaz, eta ondorioz, lanaldia luzatzeko akordioa itxi dute.
Dia Ligako hiru partidu jokatu ditu, eta batez besteko 20,7 puntu eta 9 errebote lortu ditu. Era berean, emaitza onak erdietsi ditu Eurokopan; 14,3 puntu eta 6,5 errebote lortu ditu.
Taldera iritsi berritan, urriaren 11n sudurra apurtu zuen Gironaren kontrako Eurokopako lehen jardunaldian. Sudurrean kolpea hartu, eta sudur hezurra mugitu zitzaion arren, partidu osoa jokatu zuen errusiarrak. Biharamunean Gurutzetako ospitalean egin zioten ebakuntza, eta Basentzat beren beregi egindako aurpegiko estalki berezi bati esker, Hungariako VBW CEKK Cegleden kontrako Eurokopako bigarren jardunaldia lehiatu ahal izan zuen (18 puntu eta 6 errebote lortu zituen).
Caldwellen itzulera.
Bestalde, Talia Caldwel pibota atzo heldu zen Gernika-Lumora. 19:00ak aldera lurreratu zen Loiuko aireportuan. Beraz, asteburuan ligako partidua jokatzeko prest dagoela jakitera eman du klubak. Zapatuan euskal derbia dago Emakumezkoen Ligan (8. jardunaldia). Lointek Gernika Bizkaiak Lacturale Araskiren kantxa bisitatuko du zapatuan (19:00).
Uztailaren 21ean Caldwell jokalariaren fitxaketaren berri eman zuen klubak, baina familia arazo batzuk tarteko, azaroaren erdialdera arte ezin izango zela taldeagaz lanean hasi jakitera eman zuten abuztuaren amaieran.
Hain zuzen ere, bi jokalarien lana beharrezkoa izango du talde gernikarrak ligako zein Eurokopako partiduetan. Europako txapelketako 5. jardunaldia azaroaren 22an jokatuko dute Bilboko Casillan; Cegled talde hungariarra izango dute aurrez aurre. Ondoren, Frantziako Basket Landes izango dute aurkari azken jardunaldian. Hori ere Bilbon lehiatuko dute.