Lurgaia fundazioak landaketa sasoia hasiko du datorren astean
Neguko landaketa denboraldia hasiko du datorren astean Lurgaia fundazioak, eta jakinarazi duenez, martxoaren azken asteburuan izango dute azken hitzordua. Gainera, gogorarazi dute Gure Basoak, Gure Etorkizuna kanpaina dela eta, lan handia dagoela egite...
Hain zuzen, azaroaren 25ean eta 26an egingo dituzte hileko bi jardunaldiak. Muxikako Undabason elkartuko dira. Hitzordua datorren asterako jarrita duten arren, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.
Egun batean zein bestean, 09:30ean batuko dira Ibarruriko elizako aparkalekuan, eta ordutik eta eguerdira bitartean ariko dira beharrean boluntarioak. 13:30ak aldera, hamaiketakoa izango dute aukeran.
Hala, goiz horietan, zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dituzte, eta, horrez gain, bestelako lan batzuk ere egingo dituztela azaldu dute antolatzailek: hala nola, haritzen mintegi txiki bat, anfibioentzako putzuak txukundu, txorientzako etxetxoak eta jantokiak jarri, zuhaitz eta zuhaixkei babesleak ipini… Halaber, proi- ektuari buruzko hitzaldi bat ere emango dutela gaineratu dute.
Ohi bezala, Lurgaia fundazioa arduratuko da landaketarako beharrezko materiala eramateaz, eskularruak eta lanabesak, kasuan kasu. «Parte hartzaileek gogoa baino ez dute ekarri beharko, eta goiza igarotzeko behar besteko ura».
Parte hartu nahi duenak info@lurgaia.org posta elektronikora mezu bat bidalita edota 94-657 61 10 zein 606 141 837 telefono zenbakietara deituta eman behar du izena.