Goitisolo eta Goñigaz solasaldian batuko dira domekan, Munitibarren
Marraixo Kirol Klubak atletismoari eta mendi lasterketei buruzko hitzaldi-solasaldia antolatu du domekarako. Joanes Goitisolo gernikarrak eta Imanol Goñi natxituarrak beraien esperientzia kontatuko diete bertaratutakoei. Munitibarko udal aretoan izang...
Batez ere mendi lasterketetan ibilbide oparoa burutu dute, eta hainbat garaipen eskuratu dituzte. Hala, besteak beste, mendi lasterketak, duatloi zein triatloiak edota krosak izango dituzte hizpide.
«Goñi mendi lasterketetan punta-puntako lasterkaria da, proba asko irabazi ditu, eta EHko txapelduna da kilometro bertikalean. Goitisolok ere denboraldi bikaina burutu du, eta garaipen asko lortu ditu; mendi lasterketatik duatloi eta triatloietara pauso bat eman du, eta aurtengo Euskal Herriko triatloi olinpikoko txapelduna da», zehaztu dute Marraixo Kirol Klubeko kideek.
Besteren artean, Goitisolok eta Goñik trail munduari eta Euskal Herriko selekzioari buruzko azalpenak emango dituzte, eta kirola eta familia zein lana zelan uztartzen dituzten kontatuko dute. «Lagunarteko giroan iritziak elkartrukatzea da asmoa».
Zaletasuna eta partaidetza
Marraixo Kirol Klubeko kideek azaldu dutenez, azkenengo urteetan trail eta mendi lasterketek «boom handia» hartu dute, eta zaletasunak gorako joera duela ikusita, aukera polita ikusi dute aipatu berbaldia antolatzeko. Eta proba horiek hartu duten indarraren adibide ipini dute Urdaibai Kopa: «Inguruan daukagun adibiderik argiena da; Urdaibai Kopan jende askok parte hartzen du».