Gernika-Lumoko Udalean Berdintasun zerbitzurik ez dagoela salatu dute
Gernika-Lumoko Berdintasun Kontseiluko kide izandako hainbat norbanako eta eragilek salatu dute 2017ko uztailaz geroztik herrian ez dagoela Berdintasunerako zerbitzurik, eta gogorarazi dute hori zela emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko programa, ekintza eta zerbitzu jakinak kudeatzeaz arduratzen zena.
Emakume horiek zehaztu dutenez, aipatu zerbitzu horrek eta bere jarraikortasunak 4/2005 Legea (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa) era egokian ezartzen dela adierazi beharko luke; II. Kapituluko 10. arrtikuluak honakoa baitio: “Foru-eta toki-administrazioek, bakoitzak bere burua antolatzen dituen eskumenen eremuan, beren egiturak egokitu behar dituzte, halako moduz non administrazio bakoitzak emakumeen eta gizonen berdintasun-politikak bultzatu, programatu, ebaluatu eta horiei buruzko aholkuak ematen jardungo duen erakunde, organo edo administrazio-unitate bat izango baitu, gutxienez, dagokion jarduera eremuan”.
Dena den, Berdintasun Kontseiluko kide izandako horien ustez, Gernika-Lumoko zerbitzuaren jarraikortasunean izaten ari den hutsuneak “argi erakusten du emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arazoak “politikoki zuzena” denera bakarrik mugatzen direla udalean”. Era berean kritikatu du “lehentasunezkoa beharko lukeen gaiari garrantzia eskasa” eman diola udalak, eta “borondate politiko falta” egotzi diote. Halaber, zerbitzuaren jarraikortasuna mantentzeko “aurreikuspen falta” izan duela leporatu diote, eta berdintasunaren arloko aurrekontua murriztu izana ere kritikatu dute. Gainera, berdintasunerako eskura dauden “baliabideen kudeaketa ez eraginkorra” egin duela salatu dute.
Erantzunik ez. Bestalde, 2016ko azaroan sortutako Berdintasun Kontseiluko kideek gai horri buruz egindako galderen erantzunik ez dutela jaso eta zerbitzua etengo zenari buruzko informaziorik ere ez zutela jaso gaineratu dute. “Orain arteko funtzionamenduak ez digu elkarte eta norbanakoei egungo berdintasun ezaren aurka borrokatu eta lan egiteko tarterik utzi”, azaldu dute. Horregatik guztiagatik, Berdintasun Kontseiluko kide ziren hainbat norbanako eta eragilek kontseiluaren parte izateari uko egin zioten urrian.
Gauzak horrela, emakume taldeak uste du “ezinbestekoa” dela hutsune horri “berehalako erantzuna ematea”.