Astebeteko atsedenaldiaren ostean, Lointek Gernika Bizkaiak Lacturale Araski talde gasteiztarraren kontra lehiatuko du Dia Ligaren 8. jardunaldia.
Zapatuan 19:00etan hasiko da partidua Mendizorrotza Kiroldegian.
Gernika-Lumotik ahalik eta zale gehien bertaratzeko asmoz, autobusa jartzea erabaki du klubak. Diotenez, marea granatea beharrezkoa da talde gernikarraren helburuak lortzeko “giltzarria” den partidu honetan.
Autobusean izena emateko
650 96 19 98 telefono zenbakira deitu behar da, eta
bihar 17:00ak arteko epea ipini dute. Jakitera eman dutenez, autobusa egoteko gutxienez 30 pertsonak izena eman behar dute.
Zapatuan 16:45ean aterako da autobusa Gernika-Lumoko autobus geltokitik. Bueltan, partidua amaitu eta 20 minutura irtengo da Gasteiztik.
Caldwellen itzulera. Atzo iluntzean heldu zen Loiuko Aireportura Talia Caldwell pibot iparramerikarra, eta gaur hasiko da taldeagaz entrenatzen. Hala, azken orduko gorabeherarik ezean, zapatuko partiduan
debutatuko du.
Talia Caldwell atzo Loiuko Aireportuan.
Argazkia: Gernika KESB.
Bidai luzearen ostean, nekatuta baina irribarretsu heldu zen Lointek Gernika Bizkaiaren jokalaria. “Klub handi batentzat” lan egiteko “aukera itzela” duela adierazi du. Taldeko jokalari “handien” alboan egoteagatik pozik da, eta
ahalik eta partidu gehien irabaztea espero du. Era berean, taldeak duen afizio itzela nabarmendu du.
Klubetik zehaztu dutenez, erreboteetan “indarra” eta
saskiratzeak “bermatzen” ditu pibot iparramerikarrak. “Orain dela bi denboraldi Emakumezkoen Ligako jokalarien artean erreboteetan nagusitu zen; indar handia dauka errebotean. Distantzia laburretan saskiratzeko ondo moldatzen da, eta laupabost metrotik ere saskiratu lezake”, azaldu du Mario Lopez entrenatzaileak.
Bestalde, Amaya Gastaminza aste honetan hasi da taldeagaz lan egiten, eta errekuperazioa amaitzear dago. Yaiza Lazaro ere gihar bikietako baten lesiotik errekuperatzen ari da, eta Vicky Llorente urtarrilean edo otsailean bueltatuko da Argentinatik.