Marina Bas pibotak Lointek Gernika Bizkaian jarraituko du
Errusiarra urrian heldu zen taldera, Talia Caldwell iparramerikar pibotaren hutsunea betetzeko, baina klubak jakitera eman duenez momentuz taldean jarraituko du.
Ez dute datarik zehaztu, jokalariak eta klubak gura izanez gero, denboraldi amaiera arte geratu liteke eta jokalariak beste eskaintzaren bat onartuz gero edo klubak hala erabakitzen badu taldea edozein momentutan utziko luke. Jokalaria gustura dago taldean, eta talde teknikoa pozik dago errusiarrak egindako lanagaz, eta ondorioz, lanaldia luzatzeko akordioa itxi dute.
Dia Ligako hiru partidu jokatu ditu, eta batez besteko 20,7 puntu eta 9 errebote lortu ditu. Era berean, emaitza onak erdietsi ditu EuroCup txapelketan; 14,3 puntu eta 6,5 errebote lortu ditu.
Taldera iritsi berritan, urriaren 11an sudurra apurtu zuen Gironaren kontrako EuroCupeko 1. jardunaldian. Sudurrean kolpea hartu, eta sudur hezurra mugitu zitzaion arren, partidu osoa jokatu zuen errusiarrak. Biharamunean Gurutzetako ospitalean egin zioten ebakuntza, eta Basentzat beren beregi egindako aurpegiko estalki berezi bati esker Hungariako VBW CEKK Cegled taldearen kontrako EuroCupeko 2.jardunaldia lehiatu ahal izan zuen (18 puntu eta 6 errebote lortu zituen).
Caldwellen itzulera. Bestalde, Talia Caldwel pibota gaur helduko da Gernika-Lumora. 19:00ak aldera lurreratuko da Loiuko Aireportuan. Beraz, asteburu honetan ligako partidua jokatzeko prest dagoela jakitera eman du klubak. Zapatuan euskal derbia dago Emakumezkoen Ligan (8. jardunaldia). Lointek Gernika Bizkaiak Lacturale Araskiren kantxa bisitatuko du zapatuan (19:00).
Uztailaren 21ean Caldwell jokalariaren fitxaketaren berri eman zuen klubak, baina familia arazo batzuk tarteko, azaroaren erdialdera arte ezin izango zela taldeagaz lanean hasi jakitera eman zuten abuztuaren amaieran.
Hain zuzen ere, bi jokalarien lana beharrezko izango du taldeak ligako zein EuroCupeko partiduetan. EuroCupeko hurrengo partidua azaroaren 22an [eguaztena] Cegled talde hungariarraren aurka jokatu du Casillan (5. jardunaldia). Ondoren, Frantziako Basket Landes izango du aurkari azken jardunaldian, eta hori ere Bilbon lehiatuko dute.