Herrian garrantzitsuak diren gaiei buruzko herritarren iritzia jakin gura du Mundakako Udalak
Horretarako, galdeketa bat egingo dutela azaldu du Mundakako alkate Aitor Egurrolak. Galdeketa hori etxean jasoko dute Mundakako bizilagunek, adindunek eta erroldatuek, hain zuzen ere.
Udalaren erantzukizuna herritarren beharrizanak kontuan hartzea dela dio Egurrolak, bai eta herrian beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzea ere, “herriko bizi kalitatea hobetuz eta Mundaka garatzeko proiektuen estrategian aurrera eginez”. Horretarako, udal gobernuak mundakar guztien ideiak eta iritziak entzun gura ditu.
“Gehiengoaren eskariei erantzutea da gure erantzukizuna, eta herritar bakoitzak, askatasun osoz, bere iritzia agertzeko aukera dauka honekin”, adierazi du Mundakako alkateak.
Gaur egungo eta etorkizuneko gaiei buruz galdetuko dute. Honako gaiak agertzen dira galdeketan, besteak beste: Mundaka Festival-a ospatu ala ez, Talaiako aparkalekura eraman diren edukiontzien kokapena, San Pedro jaietan barrakak jarri ala ez, edota kirol, kultura, herri lanen beharrizanak eta udalaren lehentasunak.
Galdeketa anonimoa da, eta udaletxean jarriko duten kutxa batean utzi ahal izango da. Azaldu dutenez, herritar bakoitzak galdeketa bakarra utzi ahalko du, ezingo du beste pertsona batena utzi. “Salbuespen egoeretan, mugikortasun arazoak edukiz gero, eta aurretiaz eskatuta, udaltzainek batu ahalko dute galdeketa”.
Galdeketan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak, “udalaren ekintzak jasoko diren erantzunen araberakoak izango baitira”.