Dantzan dakitenak eta ez dakitenak, umeak, gazteak, nagusiak, helduak…helburu bakarrarekin batu dira gaur Bermeoko Artza frontoian: gaixotasun arraroak dauzkaten umeen familiei elkartasuna adieraztea. Dantzan egin ez, eta kuxkuxean aritu diren lagun asko ere egon dira frontoian. Bermeoko jendeaz gain, inguruko herrietako jendea ere badago gaurko dantza jaialdi solidarioan.
Zumba saioa
Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuaren aldeko jaialdia da gaurkoa.
Kate Sarea elkarteak eta gaixotasun arraroak dauzkaten umeen familiek bultzatutako proiektua da.
Bilbo Salsa elkarteak antolatuta, goiz goizetik hasi dira dantzan.
28 dantza taldek parte hartuko dute gaurko jaialdian; Bermeo, Mundaka, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako dantza taldeak, hain zuzen ere. Jaialdian parte hartzen ari direnak mota ezberdineko dantzak ikasten eta praktikatzen ari dira: euskal dantzak, line dance, zumba, kubatar saltsa, bachata…
Ondoan, lehengo arrantzaleen kofradiak ere ateak ireki ditu gaur. Umeentzako gunea han kokatu dute. MB 2000 elkartea eta Bermeoko Gurutze Gorria 12 urtera bitarteko umeei zuzendutako tailerrak eskaintzen ari dira. Eskulanak eta marrazkiak egiten ari dira, besteak beste, MB 2000 elkartekoekin. Gurutze Gorrikoak, berriz, lehen sorospenen ikastaroak eskaintzen ari dira. Ikastaroa egiten dutenek, diploma bana jasotzen dute, gainera.
Gurutze Gorrikoak umeekin lanean
Jaialdia “oso ondo” doala dio Bilbo Salsa elkarteko arduradun Ernesto Miarik. “Pozik” dago jendearen erantzunagaz, eta “pozik” dago ere, hainbat familiari laguntzen ari delako. “Nere semeentzako eredu izan nahi dut. Teoria badakite, baina etxean ikusten dute besteei laguntzeko prest gaudela. Eredua ez da izan behar esaten diozuna, baizik eta egiten duzuna”, dio.
Zerbait solidarioa egin gura zuela argi zeukan Miarik, eta Habana 537 taldeko zuzendariagaz batera zerbait prestatzen hasi zen. Ez zekiten, baina, handik ateratako dirua norentzat izango zen. Eutsi gogor, danok batera proiektua sortzen ari zirela jakin zutenean, jaialdi solidariotik ateratako dirua eurentzat izatea pentsatu zuten.
“Ohituta” daude jaialdi handiak antolatzera, hortaz, gaurkoa antolatzea “ez dela zaila izan” esan du: “Denak gara ezagunak eta lagunak, gure artean giro ona dago eta giro onean erraz prestatzen dira gauzak”.
Argazki galeria
hemen ikusgai.
Jaialdiaren laburpen bideoa
hemen.