Harriek esateko daukatena
Bizkaiko Erromaniko garaiko aztarna bakarrenetakoak dauzka Aulestik, Murlan; San Juan Burumoztuaren ermitaren inguruko aurkikuntzak jasota geratu dira.Paisaia biziaren erakusleku izan zen Aulesti, urri- an, Bizkaiko Ondare jardunaldien baitan. Aulestia...
Bizkaiko Erromaniko garaiko aztarna bakarrenetakoak dauzka Aulestik, Murlan; San Juan Burumoztuaren ermitaren inguruko aurkikuntzak jasota geratu dira.
Paisaia biziaren erakusleku izan zen Aulesti, urri- an, Bizkaiko Ondare jardunaldien baitan. Aulestiarrek Murlan aztarna arkeologiko baliotsuak zeudela jakin arren, harrituta geratu ziren zein aspaldikoak diren jabetzean.2012an, Aulestiko Udala Ondarebabesa ondare babeserako elkarteagaz hartu-emanetan jarri zen, Zerbitzu enpresen gunea martxan ipintzeko beharrei lotuta. «Kultur ondarearen legeak derrigortu egiten du horrelako lanak egin behar izaten direnean azterketa arkeologikoa egitera, aztarnategirik badagoen ikusteko», adierazi du Jose Angel Fernandez Carvajal Ondarebabesako arkeologoak. 2012ko abenduan ekin zieten lanei, eta neguan eten bat egin ostean, 2013ko udaberrian amaitu zituzten. «San Juan Burumoztuaren ermitak hamabost metroko babes eremu bat dauka, Juan Ramon Iturriza historialariak jasotako agirietan agertzen denez hura izan zitekeelako herriko lehengo parrokia», azaldu du Fernandez Carvajalek. Beharrak egin ahala konturatu ziren Aulestiko lehenengo parrokia ez eze, beste hainbat garaietako aztarnak ere bazeudela. «Ikusten zen okupazioko hiru-lau fase zeudela, eta horrek eramaten gintuela Erdi Arora arte. Horrenbestez, Goi-Erdi Aroko hondarrak dauzkagu, gutxienez, eta hortik aurrera, hainbat okupazio fase izan zirela ondorioztatu dugu, ermitak eta inguruak herriaren erdigune izateari utzi zioten arte». Indusketa beharrek ez zuten galarazi ermita inguruaren egokitzapena, eta, ondorioz, umeentzako parkea eta ziburuak egin zituzten, etorkizunean Aulestiko Zerbitzu enpresen gunea egiteko aukera zabaltzeagaz batera.
Bizkaian bakarretakoa
Aulestiko aurkikuntza berezia da Bizkaian. «Ez da erraza topatzea Bizkaian Goi-Erdi Aroko elementurik, Erromaniko garai aurreko leihatila edo estela batzuk kenduta. Eta oso gutxi dira Erdi Aroko edo tarteko Erdi Aroko elementuak dauzkaten elizak edo ermitak, hau da, Erromaniko eta aurre Erromaniko garaietakoak». Aulestin, Erromanikoaren aurreko nekropoli baten zantzuak zeuzkaten, eta indusketa arkeologikoen bidez Erromaniko garaiko eliza eta nekropoli baten hondarrak aurkitu zituzten. Beste alde batetik, Mur- lan aspalditik bizi izan zirela erakusten dute elementuek, eta horixe agertu nahi izan zuten, hain zuzen, urrian egindako Bizkaiko Ondare jardunaldietan. «Paisaiako elementuen bidez, irudikatuta geratzen da gizon-emakumeek berton izan duten iraupena. Horrez gain, arkeologiaren ikuspuntutik, nekropoliok hain ondo mantentzeak garrantzia hartzen du».
Aurkikuntzei leku egitea erabaki zuten urriko Bizkaiko Ondare jardunaldietan. Jende askok erantzun zion deialdiari: 50 bat lagunek; bertokoak, herriaren historia ezagutzeko gogoz zeudenak, zein kanpokoak. «Ondare jardunaldietan jende asko mugitzen da, eta badakigu Aulesti ezagutzen ez zuen jende asko etorri zela». Baina, batez ere, herriari 2012-2013 hartan egindako aurkikuntzak erakusteko balio izan die. «Aulestiarrek bazekiten hor bazeukatela zerbait; bazekiten aurkikuntza arkeologikoak egin zirela, ze Aulestiko jendeak beti eduki izan du lan hauen berri, beti erakutsi izan du interesa herrian egiten denaren inguruan; historiari zein kulturari lotuta egon. Hala eta ere, aulestiarrak harrituta geratu ziren hondarren antzinakotasuna jakitean». Orokorrean jardunaldiek egiten duten ekarpena nabarmendu du. «Ondare jardunaldi hauek garrantzi handia daukate, gure herrien kultura eta historia ezagutzera ematen duten elementuak jendeari erakusteko aukera ematen dutelako».
Bihar-etzirako baliogarri
Ondarebabesaren egitekoa 2013ko udaberri hartan amaitu zen. Dena dela, zabalik geratzen da bihar-etziko balizko aurkikuntzetarako. «Elizaren behegainean eta inguruetan oraindik egon daitezke elementuak azterketa gehiago ulertzen lagun ahal digutenak. Gu beti geratzen gara proiektu batek edo bestek eragingo duen azaleran. Baina aktuazioak beti luzatu ahal dira. San Juaneko ermitan, adibidez, seguru gaude intereseko elementu gehiago daudela, ustez, aurkitu ditugun eraikuntzak daudelako behean. Horrela, Erromaniko aurreko eliza gaur egungo ermitaren behean egon daiteke, eta, bestalde, segurua da eliza Erromanikoa ere badagoela. Gure lana hor gelditzen da bihar-etziko arkeologoentzat. Etorkizuneko arkeologoak lanean hasi behar badira edo gehiago aztertu nahi bada, jakingo dute arkeologia-hondarra hor dagoela».