Nerea Ibarzabal finalaurrekoen bigarren itzulirako sailkatu da
Hirugarren gelditu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoan. Maule-Lextarren lortutako 663 puntuek bigarren itzulian egoteko aukera eman diote663 puntu lortu zituen Nerea Ibarzabalek joan den zapatuan Maule-Lextarren jokatu zen Berts...
Hirugarren gelditu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoan. Maule-Lextarren lortutako 663 puntuek bigarren itzulian egoteko aukera eman diote
663 puntu lortu zituen Nerea Ibarzabalek joan den zapatuan Maule-Lextarren jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen itzuliaren hirugarren saioan. Horrela, bigarren itzulian egongo diren hamazortzi bertsolarietako bat izango da markina-xemeindarra.Lehen itzulia amaitzeko saio bakar bat baino ez da geratzen, domekan Durangoko Landako gunean jokatuko dena, eta saio horren ondotik, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, eta sei geratuko dira kanpoan. Egin diren hiru saioetako puntuazioaren arabera, bigarren itzulian lekua ziurtatuta dauka Ibarzabalek.
Maila onean
Txapelketa osoan bezala, Maule-Lextarren ere fin ibili zen Markina-Xemeingo bertsolaria. Bai seriotik, bai eta umoretik egiten badakiela erakutsi zuen, eta puntu erantzunetan nagusi izan zen, puntuazio altuena eskuratu zuelarik (139.50 puntu). Zortziko handian ere ondo jardun zuen, 6ko motzean justuago, baina, hala ere, ondo.
694,5 puntugaz, Beñat Gaztelumendi izan zen Maule-Lextarreko saioaren irabazlea, eta azaroaren 19an Amurrion jokatuko den finalaurrekorako sailkatu zen zuzenean. Bigarren puntuazio onena Julio Sotok lortu zuen (668,5 puntu), eta hirugarren gelditu zen Ibarzabal, 663 puntugaz.
Ia 1.200 lagun bildu ziren zapatuan Maule-Lextarreko Ororena Jai Alain. Tartean, Markina-Xemeingo asko. Animoak, beraz, ez zitzaizkion falta izan Ibarzabali; bertsolaritzako ikasleak ere bertan izan zituen.
Azaroaren 19an hasita, Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean jokatuko dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko finalaurrekoak.