Katalunian atxilotutakoak askatzea eskatzeko, errepublika babesteko eta demokraziaren alde daudela erakusteko gose greba hasi dute Bizkaiko hiru lagunek Gernika-Lumon. Hain zuzen, astelehen eguerdian hasi zuten baraualdia eta domekan bukatzea aurreikusten dute.
Astra kulturarako fabrika sozialean daude egunotan Kataluniarekin bat koordinadorako Sodupe, Deusto eta Barakaldoko bizilagunak. Arratsaldeetan, hala ere, kalera ere ateratzen dira, herritarrak informatzera, besteak beste. 17:00etatik 18:00etara, Iparragirreren eskultura ondoan izaten dira, eta Astrara bueltatzen dira, 18:30etik 19:15era interesa daukaten herritarrekin solasalditxoa egiteko. Grebalariek azaldu dutenez, zapatura bitarte, egunero izango da solasalditxoa egiteko aukera.
Domekan, aldiz, elkarretaratzea egiteko asmoa daukatela adierazi dute. 13:00etan elkartu nahi dute Iparragirreren eskultura ondoan.
«Daukan sinbologiagatik eta faxismoaren eragina pairatu duen herria delako» aukeratu dute Gernika-Lumo greba egiteko toki bezala.
Hausnarketa. «Kataluniaren alde egiten dugu, baina Euskal Herriaren askatasunaren alde ere. Herri bi, borroka bakarra gara». Euskal Herriak Kataluniaren desio berberak dituela, eta hausnarketa egitera gonbidatu dituzte herritarrak; izan ere, «beti esan izan digute biolentzia gabe lortzen dela guztia, baina Kataluniaren prozesuak mozorroa kendu dio Espainiari; katalanek era baketsuan jokatu duten arren, ez dutelako ezer lortu».
Kataluniarekin bat koordinadorako kideen ustez, hausnartu egin behar du herriak, eta erabaki: «Edo betiko men egin edo Kataluniaren eredua jarraitu».
Era berean, erabakitzearen, askatasunaren eta independentziaren alde dauden euskal herritar danak gonbidatu dituzte azaroaren 18an Elgoibarko Aubixan egingo duten batzarrera, «egoak eta alderdikeriak utzi, eta indar metaketa handi bat sortu behar delako».