Azaroko lehen domekako azoka egin dute Ibarrangelun
Azaroko lehen domekako azokagaz hitzordua izan dute Ibarrangelun. Udalerriko baserritar eta ekoizleek euren produktuak salgai jarri dituzte udaletxeko aterpean, eta herritarrek 10:00etatik 13:00ak arte izan dute bertoko produktuak eskuratzeko aukera.Ha...
Hain zuzen, aspaldiko ohitura berreskuratuz, uztailaren 30ean egin zuten lehenengoz azoka, eta abuztuan eta irailean domekero egon dira ekoizle eta baserritarrak Eleizalde auzoko Plaza Barrin (udaletxe aurreko plaza).
Hala, herriko ekoizle, baserritar eta artisauak azokan parte hartzera animatu dituzte, eta haiekin harremanetan jartzeko udalera jotzeko eskatu dute.
Herriko merkatua berreskuratu, elikagai osasuntsuak kontsumitzeko eskubidea bermatu, herritarren arteko harremanak bultzatu eta sendotu eta tokiko ekonomia sustatzeko asmoz elkartu ziren udan zenbait ekoizle eta baserritar, eta orain ere helburu berei eusten diete.
Azaldu dutenez, Ibarrangeluko Udalak bi urterik behin antolatzen du nekazal eta artisautza azoka, baina baserritarren azokarik ez da egon orain arte.
Antzina herriko baserritarrek Elantxobera eroaten zituzten haien produktu freskoak (esnea, frutak, patatak, ortuariak etab), eta Talaiako bankuetan jartzen ziren horiek saltzen. Durukiz, Arboliz, Merru, Apraiz eta beste zenbait auzoetako bizilagunak hurbiltzen ziren Elantxobera, eta, batez ere, arrantzarako itsasontziak hornitzeko saltzen zizkieten produktuak, eta saltzen ez zutena etxerik etxe saltzen zuten herrirako bidean. «70eko hamarkadan fruta saltzailea etortzen hasi zen, eta ohitura hura galtzen joan zen ondorengo urteetan».