Jostunen altxorra etxean

Jende askok kontrakoa uste badu ere, josteko makinek garrantzia handia izan dutela eta daukatela uste du Luis de Pedrok, eta etorkizunean ere hala izango dela deritzo. Izan ere, egungo janzkerak josteko makinei zor die beraien existentzia. Garrantzia hori ez da gaur egungo kontua, iraganean ere eragin nabarmena izan baitzuen asmakizun horrek. Eta historia horren zati bat ekarri nahi izan du De Pedrok.

Mungian, Barakaldoko BECen, Elgoibarren zein Artziniegako Museo Etnografikoak egin antzera, orain Gernika-Lumori egokitu zaio De Pedroren josteko makinen bilduma jasotzea.

luisdepedro

Luis De Pedro Gernika-Lumoko Kultur Etxean.

Gernikan erakusketa jartzea “ohorea” dela esan du bildumaren jabeak, eta aitortu du aparatu horiekiko zaletasuna piztu zitzaionetik izan duela Gernikan erakusketa bat egiteko grina. Azaldu du, gainera, inoiz jarri duen erakusketarik onena dela, “dagoen espazioagatik eta aretoa oso abegikorra delako”.

Herriko alkate Jose Mari Gorroñok, bere aldetik, aipatu du De Pedroren erakusketa hori Gernikan izatea “luxu” bat dela: “Erakusketa oso aberatsa da, eta bisitatzea merezi du, benetako artelanak biltzen baititu”. Hala, azaldu du lehen josten zuten andrazkoei egiten zaien omenaldi bat ere badela.

Antzinako piezak dira De Pedrok erakusketan bildutakoak –zaharrena 1852koa–, baina guztiak erabilgarri daudela nabarmendu du. Diseinu, itxura eta marrazki bitxiak gordetzen dituzten 60 arte lan. 25 urtetan, erosi, konpondu, kontserbatu eta gorde dituen 60 bitxi.
Errenteria auzoko erakusleiho batean ezagutu izan badira ere, horietako bakoitzak bere historia dauka. Gertu-gertuan sortutakoak dira batzuk; Eibar eta Elgoibarren egindakoak dira, esaterako, Singer eta Alfa marka ezaguneko makinak. Mundu osoko makinak ditu De Pedrok, ostera: Alemania, Italia, Frantzia, Suitzak, Kanada, AEB, India eta Japoniakoak.

kulturetxean

Pieza bakarrak

Itxuran eta tamainan imajinatzen zailak diren gailu mekanikoek betetzen dute kultur etxeko erakusketa aretoko espazioa. Haien artean daude, esaterako, El tiempo entre costuras telesailean erabili izan duten moduko makina edota Cristobal Balenciaga diseinatzaileak josten ikasi zuen makina modukoa. Munduan bakarrak diren pare bat makina ere badira.

Josteko makinak arropagaz lotzen badira ere, zapatak, eskularruak, moketak, zakuak, zaldien tresnak eta bestelakoak josteko ere erabili izan dira. Batzuk handiagoak eta beste batzuk txikiagoak. Batzuk eskuekin erabiltzekoak eta beste batzuk hankaz jostekoak –tailerretan erabiltzen zituzten azken horiek–. Asko josten zutenentzakoak zein gutxi erabiltzen zutenentzakoak. Edota josi ez, eta etxean gorde nahi zituztenentzakoak.

De Pedrok “inoiz jarri duen erakusketarik onena” jarri du Kultur Etxean

Gainontzeko tresna berrien antzera, josteko makinek ere aurrerapausoz betetako ibilbidea izan dute. Antzinako jostun profesionalek 25-30 orratz-puntu ematen zituzten minutuko, makinak asmatu aurretik. Gerora, baina, makinek minutuko 200 puntada ematea ahalbidetu zuten. Aldea handia zen arren, hasieran ez zen lan erraza izan jendea makinen eraginkortasunaz konbentzitzea. Aurretik zenbait makina sortu bazituzten ere, Barthelemy Thimonnier jostun frantziarrak asmatutakoa izan zen lehen makina praktikoa. Gobernu frantsesak 1830. urtean aitortu zion gailuaren patentea.

Makinaren abiadurak txundituta utzi zuen gobernu frantsesa, eta, hori dela eta, armadako uniformeen joste lanak egiteko aukera eman zion. Handik gutxira, joste lanen enpresa bat sortu eta 80 makina jarri zituen bertan. Makinaren asmakuntza, hala ere, ez zuten begi onez ikusi jostunek, lana kenduko zieten beldur baitziren. Gauzak horrela, jostun horiek Thimonnierren enpresara sartu eta gailu guztiak apurtu zituzten, enpresaren porrota eraginda. Thimonnierrek, orduan, makina berriak sortzeari ekin zion, baina berriro jostunen erasoa jasan eta Ingalaterrara ihes egin zuen. Thimonnier josteko makina ekoizten lehena izan zen, eta baita makina horiek saltzen lehena ere.

Frantsesaren ihesaldiaren ostean hasi zen Isaac Merrit Singer egunerokotasunean erabiltzeko moduko makina txikiak saltzen, epeka ordaintzeko aukera eskainiz. Hain justu, 1851. urtean patentatu zuen Singer josteko makina, eta bost urtera asmatu zuen epeka ordaintzeko era.

Makina zaharren bila

1976. urtean zabaldu zuen De Pedroren emazteak josteko makinen denda Gernikan, eta haren eraginez hasi zen gailu haienganako interesa erakusten De Pedro. Dena dela, benetako zaletasuna ez zitzaion heldu 90eko hamarkadara arte. Nahiz eta aurretik zenbait makina eduki, Bartzelonako erakustazoka batera egindako bidaia batean piztu zitzaion zaletasuna: “Guztiek erreparatzen zieten erakusleihoan zeuden antzinako makinei, eta ni makina berriak erostekotan joan nintzen. Orduan pentsatu nuen zerbait izan behar zutela gailu zahar horiek, guztien arreta pizteko”. Hala, azoka horretan erosi zuen lehen makina zaharra De Pedrok, eta, geroztik, ez du etenik izan; “makina zaharrak zeuden toki guztietara bidaiatzen nuen nik; zela Bartzelona, zela Madrilera, Ingalaterrara, Alemaniara, Norbegiara…”, azaldu du gernikarrak. “Orain nire emaztea makinez nekatuta dago, eta ni maiteminduta”, aitortu du barre artean.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

IKUSIENAK

Send this to friend