Gernika-Lumoko Udalak ‘Euskeraz goxo-goxo’ kanpaina jarriko du martxan
Gernika-Lumoko Udalak Euskeraz goxo-goxo kanpaina jarriko du martxan bihar, «herriko ostalaritzan euskara sustatzeko». Horren barruan, jatetxeetan erabiltzeko paperezko mahai-zapiak banatuko ditu.
Hitzargune egitasmoaren bitartez bultzatzen du herriko sektore sozioekonomikoetan euskararen erabilera Gernika-Lumoko Udalak. Orain arte, batez ere, merkataritza eta enpresa munduan jarri du indarra udalak;?hala ere, ostalaritzari ere «bultzada berezia» eman nahi izan diotela azaldu dute. Hori dela eta, azken bi urteotan, hainbat kanpaina eta lan jarri dituzte martxan –menuak eta kartak euskaraz jartzearena, esaterako–, eta azken ekimen hau ere sektore berari lotuta dagoela adierazi dute.
Negozioentzako «ona». Izan ere, euskara areagotzeko helburuz bultzatzen dituzten bateko zein besteko ekimenak herriko negozientzako «ona» dela uste du Gernika-Lumoko Udalak.
Hori horrela, taberna eta jatetxeak Hitzargunera erakartzea da asmoa, eta, horrela, «bezeroekiko dituzten hartu emanetan euskara gehiago erabiltzea lortu».
Urriko azken asteburua herriarentzako «berezia» dela kontuan hartuta, egun horiek baliatuko ditu udalak aipatu kanpaina martxan jartzeko. Azaldu dutenez, menu, ogitarteko eta antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten tabernak izango dira kanpainagaz bat egingo dutenak.
Guztira, 15.000 mahai-zapi banatuko dituztela jakinarazi dute, eta kanpainagaz bat egingo duten ostalariak, aldiz, 31 izango direla gaineratu dute.
Hala, kanpainagaz «ostalaritzan euskararen erabilera handitzea eta herrian Hitzargune programa ezagutarazten jarraitzea» lortu nahi dutela azaldu du udalak.