Amazoniako zati bat ikus daiteke Busturiko Ekoetxea Urdaibain. Omar Rodriguez Da Silva margolari amazoniarrak hango flora eta faunaren edertasuna bildu ditu erakusketa batean, “errealismo izugarria” erakutsita.
Izen deigarria jarri dio artistak erakusketari: Planetaren birikak minbizi bat du. Aldi baterako erakusketa berria bisitatzen duenak zehaztasun handiz margotutako zuhaitzak, tukanak, guakamaioak eta pirañak ikusi ahalko ditu, besteak beste. Tamaina ezberdineko 20 artelan aukeratu ditu Busturiko erakusketarako.
Bere erakusketa iraunkortasunaren aldeko apustua dela dio Rodriguezek, “paisaia amazoniarra eta hango basoa babesteko helburuz” margotzen dituenak.
Ahanzturan
“Herri indigenak gara oihanak zaintzen ditugunak, beti gaude horiek babesten. Hala eta ere, ahanzturan bizi gara, eta guk bizirik iraun gura dugu”, adierazi du artistak.
Dioenez, Amazonia da munduaren birikia, eta zaindu beharra dago; “baina inor ez da konturatzen gu bertan bizi garela eta betebeharrak ditugula”, aipatu du. Urez inguruta bizi diren arren, edateko urik ez daukatela gogorarazi du. Era berean, amazoniarrak zaintzeko ospitale baten beharra ere badutela nabarmendu du. Artea erabilita, mezua ahalik-eta gehien zabaldu gura du Rodrigezek.
Bere errepertorio artistikoaren bitartez “bizia eman zigun” ondarea ezagutzera eman gura du: ametsezko lekuak, edertasun naturala eta paregabea, bizitzaz beteta dauden paisai koloretsuak, aurkitutako eta aurkitzeko dagoen fauna eta flora… Bere lanekin herrialde ezberdinetako jendea sentikortzea du helburu nagusi. Izan ere, Rodrigezek azaldutakoaren arabera, “naturak elikagaiak, haizea, sendagaiak eta gizakiarentzat ezinbestekoak diren hainbat baliabide ematen jarraitu dezan, unibertso konplexua den oihan amazoniarra mantentzea, zaintzea eta berreskuratzea guztion lana da”.
Planetaren birikak minbizi bat du erakusketa doan bisita daiteke, eta urtarrilaren 7ra arte edukiko dute ikusgai, Ekoetxea Urdaibain.