Haur Koruen Topaketan egongo da Xemein Gazte Ahots Abesbatza
Markina-Xemeingo gazteen abesbatzako hogei partaide joango dira Bilbon egingo duten ekitaldira. Gernika-Lumoko Seber Altubek ere hartuko du parte ekitaldianBizkaiko Abesbatzen elkarteak antolatuta, asteburuan Bilbon egingo den Haur Koruen II. Topaketan...
Markina-Xemeingo gazteen abesbatzako hogei partaide joango dira Bilbon egingo duten ekitaldira. Gernika-Lumoko Seber Altubek ere hartuko du parte ekitaldian
Bizkaiko Abesbatzen elkarteak antolatuta, asteburuan Bilbon egingo den Haur Koruen II. Topaketan parte hartuko dute Markina-Xemeingo Xemein Gazte Ahots Abesbatzak eta gernikako Seber Altubek. Etzi goizean joan eta domeka iluntzean itzuliko direla jakitera eman du Itxaso Jaio Xemein Gazte Ahots Abesbatzaren zuzendariak.Bilboko hotel batean egongo dira Bizkaiko beste haur koro batzuetako partaideekin batera, eta adinaren arabera, bi taldetan banatuko direla azaldu du Jaiok. «8 eta 11 urte bitarteko talde bat eta 12 urtetik gorako beste bat egongo dira». Txikien taldea Saioa Ruizek zuzenduko du, eta nagusiena, ostera, Josu Elberdin musika irakasle eta koru zuzendari ezagunak gidatuko du. Guztira, Bizkaiko bederatzi abesbatzetako 126 ume batuko ditu ekimenak.
Tailerrak
Zapatu goizean tailer bi izango dituzte koruetako partaideek eta arratsaldean beste bi. Talde bakoitzak lau kanta prestatuko ditu eta guztiek ikasiko dituzte beste bi kanta, guztiak batera abesteko. «Bakoitzak bere koruan ikasita dauzkate kantak aldez aurretik, eta tailerretan hobetu eta koreografia gehituko diete», zehaztu du Itxaso Jaiok.
Topaketetan ikasitako guztia domekan plazaratuko dute gazteek; Bilboko La Encarnacion elizan emanaldia eskainiko dute 18:30ean. «Emanaldia doan izango da, eta bertan batuko dira partaideen gurasoak eta abesbatza zale guztiak».
Bigarren aldia da Xemein Gazte Ahots Abesbatzak topaketetan parte hartzen duela. Iaz zortzi kide joan ziren, eta aurten aldiz, hogei animatu dira parte hartzera.
Aukera galdu ezina dela aitatu du Itxaso Jaiok. Izan ere, gazteek zuzendari profesional handiekin lan egin eta beste abesbatza batzuetako partaideekin partekatu dezaketela azpimarratu du Jaiok. «Horrelako ekintzak egitea guretzat ez zen posible izango udalaren laguntza barik».