Berbalagunek
Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak argitalpena aurkeztu du gaur goizean, Gernika-Lumoko udaletxean. Hala,
«lagun artean eta euskaraz» egiteko hamabost ibilbide proposatu dizkiete herritarrei.
2003-2004 ikasturtean hasi zuen bere bidea?Berbalagunek, «herrian euskararen erabilera eta eragina indartze aldera, eta euskara ikasten dabiltzanei bidea errazteko asmoz», besteak beste. Eta gaur egun ere, helburu beragaz jarduten dute. Astero talde ezberdinetan elkartzen dira bidelagunak, gai bataz edo besteaz euskaraz mintzatzeko; bataz bestez, 85 bat batzen dira. Baina, horrez gain, bestelako ekintzak ere egiten ditu Berbalagunek. Asko izan dira hamabost ikasturtean egin izan dituzten ikastaroak, hitzaldiak, lehiaketak, jatorduak, erromeriak…
Berbalagunen irteerek ere arrakasta handia izaten dute; horiei esker, eskualdeko hamaika bazter eta txoko ezagutzeko aukera ahalbidetzen baitute.
Hamar urte, oinez. Hamar urte baino gehiago igaro dira lehenengo txangoa egin zutenetik. Hasieran, txango laburrak egiteko batzen zen talde txiki bat, baina gerora, handituz joan zen berbalagun taldea. Urtean bederatzi bat txango egin izan dituzte, eta Gernika-Lumoko eta inguruetako basoak, haranak, tontorrak, kobak, trikuharriak… ezagutu dituzte, beste hainbaten artean.
Irteera horietatik guztietatik, hamabost ibilbide aukeratu, eta karpeta batean bildu dituzte, beraiek ezagututako «bazter zoragarriak herritarrek ere ezagutu ditzaten».
Ibilbide labur eta luzeagoak jaso dituzte; zailtasun baxukoak zein ertainekoak. Gernika-Lumotik abiatuta bertara bueltatzen direnak, dela oinez dela garraio publikoan.
Karpetaren edukia. Karpeta horretan,
ibilbide bakoitzaren fitxa bildu dute, nun bidean aurki daitezkeen gauzarik aipagarrienak jaso dituzten: hala nola, monumentuak, ermitak, baserriak, landaredia, mitoak, historia… Horrez gain,
irteera bakoitzari buruzko azalpenak, norabidea, mapak eta gehiago ere azaltzen dituzte.
Jakinarazi dutenez, argitalpenaren
500 ale kaleratu dituzte (ikastetxe elkarte, erakunde, kultur taldeen..artean banatzeko) eta ez dituzte salgai jarriko. Hala ere, nahi duenak eskuragarri dauka ibilbideei buruzko
informazio osoa interneten (Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuaren webgunean). Bertan, ibilbideen fitxak zein GPSrako artxiboak (GPX eta KMZ) aurkitu ahalko ditu.
Irailetik uztailera bitartean egiten dituzte irteerok, eta
hurrengoa urriaren 28an egingo dute. Oraingoan, Morga aldera egingo dutela txangoa aurreratu du (13.ibilbidea).
Berbalagunek gogoratu du ibilbide horiek egiterakoan, euskara izan behar dela ardatz:?«Eman euskara elkarri, euskara baita euskaldun egiten gaituena».