Eibar-Nabarniz ibilbidea egiteko urriaren 26a arte izena eman daiteke
Urriko azken asteburuan egiten dute Eibar-Nabarniz ibilbidea. Aurtengoa urriaren 28an (zapatua) izango da, eta bertan parte hartzeko asmoa dutenek urriaren 26a arte (eguena) dute izena emateko aukera. Horretarako 655 70 06 52 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute Athletic Nabarniz Peñaren kideek.
06:00etan irtengo dira Nabarnizetik, eta Gernika-Lumon geldialdia egingo dute jendea batzeko. Gero, 07:00ak aldera irtengo dira ibilbidea egiteko Eibarretik.
Gutxi gorabehera 28 kilometroko ibilbidea burutuko dute. Martxaren partaideek, besteren artean, Zengotitagane (826 metro), Oiz (1.029 metro), Astorkigana (235 metro), Kanpona (504 metro) eta Arrola (532 metro) zeharkatuko dituzte Nabarnizera heldu aurretik.
Ohitura legez, bukaeran hamaiketakoa izango dute, eta gura duenak bertan bazkaldu ahal izango du.