Urdaibaiko hariztirik zabalena sortzeko kanpaina bat hasi du Lurgaia Fundazioak
Gure basoak gure etorkizuna izenburupean crowdfunding kanpaina ipini du martxan Lurgaia Fundazioak.
Urdaibaiko Biosfera Erreserban egongo den hariztirik zabalena sortzea da aipatu kanpainaren helburua. Muxikako Undabason 31 hektarea erosiko dituzte; 108.000 euroko kostua dauka. Baina, momentuz aurten bete behar duten lehenengo ordainketa egiteko hasi dute crowdfunding kanpaina.
80. 000 eurokoa da lehenengo ordainketa, eta horietatik 62.000 euro fundazioak duen dirutik jarriko dituzte. Hain zuzen, 35 eguneko epean 20.000 euro lortu behar dituzte (falta dituzten 18.000 euroak eta 2.000 euro komisio gastuenak). 20.000 eurotan jarri dute lortu beharreko gutxieneko kopurua, eta 37.000 euro hobezina.
Momentuz, bost egunetan ia 6.000 euro bildu dituzte: “Nahikoa ondo goaz, eta espero dugu horrela segituz behar dugun kopurua lortzea”.
Bideoa. Kanpainak ahalik eta ohiartzun handiena izateko bideo bat zabaldu dute, aurpegi ezagun askoren babesa dutela erakutsiz. Hala, besteren artean Kepa Junkera musikariak, Alberto Santana historialariak, Mercedes Herrera EHUko Landarren Biologia eta Ekologia Saileko kideak, Francis Diez Doctor Deseoko abeslariak eta Juanjo San Sebastian alpinistak egin dute bat kanpainagaz.
Lurgaia Fundazioko kideek 15 urte daramatzate bertako basoak berreskuratzeko lanetan, eta horregaz batera baita horien baloreak eta lurraldearen ondasun naturalak ere. Boluntarioen lanari esker, 2003tik 100.000 zuhaitzetik gora landatu dituzte. Gaur egun 250 hektarea baino gehiago kudeatzen dituzte.