VIII. Euskal jaiaz gozatzeko bilduko dira ajangiztarrak zapatuan
Zortzigarren Euskal Jaiaz gozatzeko bilduko dira zapatuan ajangiztarrak, Kanpantxu auzoan. Baserri giroa ardatz izango duen festak goizetik gauera bitartean iraungo du.
Musika, jan-edana eta herri kirolak ekarriko ditu, beste urtebatez Euskal Jaiak. Aurrekoan bezala, aurten ere, dantzekin hasiko dute eguna, 12:00etan. Iaz, esaterako, herriko zortzi gaztek dantza berezi bat egin zuten, euskal musika eta doinu modernoak nahasita.
Herriko auzoetako bizilagunak elkartzeko eguna izaten da Euskal Jaikoa, eta egun berezia izaten da ajangiztarrentzat. Baserritarrek jan-edanak ateratzeko baserriak prestatzen dituzte, dantzak amaituta, poteoa egiten baitute horietatik. Hala egingo dute aurten ere, trikitixaren doinuz lagunduta.
15:00etan, aldiz, bazkaritan elkartuko dira auzotar eta herritarrak. Eta arratsalderako, kirol erakustaldia izango dute aukeran. 18:00etan hasita, esaterako, Bihurri eta Alex Txikonen arteko desafioa ikusi ahalko da, aizkorako hainbat modalitatetan. Ostean, herri kiroletan ere ariko dira zenbait parte hartzaile. Beste hainbat jaitan egiten den legez, Ajangizen ere, musikagaz bukatuko dute eguna, eta 20:00etatik aurrera, erromeriak eskainiko duen musika kantatu eta dantzatu ahalko da.
Euskal Jaiko poteoan (5 euro) edota bazkarian parte hartu nahi duenak izena eman beharko du, eta horretarako azken eguna da bihar. Ajangizko herriko tabernan, Kanpantxuko Abi-Alai txokoan edota kultur etxean eman behar da izena. 5 euro ordaindu beharko ditu poteoa egin nahi duenak, eta 20 euro, aldiz, poteoaz gain, bazkaritan joan nahi duenak.