Adinekoen bizimodua erakusten duen film luzea
'¿A donde vamos?' dokumentala Gernikara helduko da eguenean
Bere buruari nagusitan nolakoak izango diren galdetzen diotenak badaude, zahartzaroa noiz iristen den jakin gura dutenek, erretiroa hartutakoan nola bizi litekeen, zer egin daitekeen, 90 urterekin sexu harremanak edukitzea posible den… Hainbat dira gaur egungo gizarteak planteatzen dituen zalantzak, eta horiek argitzeko asmoz ekoitzi dute ¿A donde vamos? izeneko film luzea. Marian Gerrikabeitiak zuzendu du lana, eta Gizadiberrik ekoitzi du, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK Fundazioaren eta Euskal Telebistaren laguntzarekin.
Gaur egun gizartea eraldaketan dago etengabe, eta populazioaren piramidea aldatu egin da. Eustatek 2015. urtean emandako datuen arabera, 197.308 gazte zeuden orduan Bizkaian (19 urtez azpikoak) eta 65 urtetik gorakoak 246.791 ziren 2015. urtean.
Gerrikabeitiak zuzendutako lanak hainbat zalantza eta galdera argitu nahi ditu, dokumentaleko protagonista diren adinekoen esperientzia kontatuta. 75 minutuko iraupena du lanak, eta eguenean (hilaren 19an) Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian ikusi ahalko da, 19:30ean, doan.
Zine Foruma antolatu dute, eta dokumentala herririk herri aurkeztuko dute. Gaur eman diote hasiera, Basaurin, eta azaroaren 8ra bitartean hainbat herritara helduko da dokumentala; azaroaren 2an Markina-Xemeinera, kasurako. Esperanza eraikinean proiektatuko dute, 17:30ean.