Castrok eta Urkiolak irabazi dute Gernika-Lumoko Rallya
Iazko irabazleek, Ivan Muñozek eta Hodei Madariagak, sailkapenean bigarren postua eskuratu zuten zapatuan, eta sari lokala ere eurentzat izan zen. Citroen C2 R2 Max autoagaz lehiatu zuten Muñozek eta Madariagak, eta lehenengo autoa baino 29 segundo beranduago iritsi ziren helmugara (1:01:51,207).
Garaipenak ihes egin zien, baina lortutako emaitzagaz pozik dira etxekoak. Zapatuan lehiatu ziren pilotuen artean “maila handia” zegoela esan dute, eta irabaztea iaz baino zailagoa zela. Rallyaren tarteak ere aurten zailagoak izan dira, Muñozen iritziz, eta luzeagoak izan direla ere aipatu du. “Gidatzeko ere, eguraldi ona egin zuen arren, tarte asko umelak ziren, labankorrak”, dio gernikarrak. Hala ere sentsazio “ezin hobeagaz” geratu direla esan dute. “Oso gustura ibili ginen, kotxeagaz ondo eta gu ere ondo”, dio Madariagak.
Txus Jaiok erretiratu behar izana pena bat izan zela aipatu dute. Ander Learretak eta Aitor Saizarrek ere lasterketa utzi behar izan zuten. “Horiek lehian jarraituz gero Saizarrekin hirugarren postua lortzeko lehiatu behar izango genuke”, diote. Iazko rallyagaz alderatuta, Lumoko igoera (barikuz egin zuten) izan du faltan bikoteak. Muñozek dioenez, tarte hori iaz erabakiorra izan zen beraientzat, “han tarte nahikoa atera baikenuen besteekiko”. Dena den, aurten tarte hori lehiatuta ere abantaila lortzea zaila izango litzatekeela dio, aurtengo pilotuen artean maila handiagoa izan delako.
Karerra ona eginda, pozik dira. Batez ere, Lumoko bigarren bueltan egindakoa dute gogoan, “rallyko tarterik onena izan zen niretzat”, esan du gernikarrak.
Hirugarren sailkatuak Joseba Lasa eta Maitane Martiarena izan ziren zapatuan (1.02:57,265).
Proban abantaila handia zeraman Txus Jaiok, ezin izan zuen rallya amaitu. “BMW M3 autoa frogatu barik joan ginen, ez dugulako horretarako denborarik eduki. Pabiloian 10 buelta inguru emanda soilik atera ginen. Autoaren abiadura kaxako pieza bat apurtu zen. Bagenekien horrelako zerbait gertatu ahal zela”, dio Jaiok. Hala ere, “amorrua” ematen duela dio, “proba irabazteko moduan genuen”. Txus Jaio eta Jesus Urkidiren helburua, hala ere, autoari esku hartzea zen, eta helburu hori, behintzat, “bete” dute.
Rallya bitartean, sentsazio “ona” izan zuen Jaiok: “Autoari esku hartzen ibili ginen, geroz eta azkarrago eta trebetasuna hartzen”. Autoaren ahulguneak zeintzuk diren jakin ahal izan dute, horiek hobetu aldera. “Bi aukera genituen: autoa ondo jarri eta rallyra joan ez, edota autoaren hutsegiteekin rallyra joan. Eta, bigarrena aukeratu genuen”.
08:00etan atera zen lehen autoa Pasealekuko parke itxitik. Probako lehen atala Munitibarren hasi zuten, eta Bizkaiko begiratokira igo, Urrutxu eta Montecalvo igaro eta Zugastierarainoko bidea egin behar izan zuten. Bigarren zatia Fruizetik Morgarainokoa izan zen. Arratsaldean, berriz, Gernika, Lumo, Metxika eta Olabarritik igaro ziren. Azkenik, Mendatatik Arratzura joan behar izan zuten autoek, Ibartxutik igarota.