Abentura Raiden Iparraldeko Liga antolatzen duen NonStop Aventura taldeko kideek zein Urdaibaiko proba lehiatu zuten parte hartzaileek balorazio positiboa egin dute. “Oso gustura aritu ginen, eta oso pozik gaude;
partaidetza handia izan da, espero genuena baino bikote gehiagok parte hartu dute”, azaldu dute antolatzaileek.
UrdaiRaid Abentura Raiden
Iparraldeko Ligaren bosgarren proba izan da. Hurrengoa Arratian lehiatuko dute urriaren 21ean, eta azkena Meatzaldean izango da azaroaren 4an.
Busturiko Madariaga Dorretxean hasi eta amaitu zuten proba.
Zapatuan aipatu ligako ohiko parte hartzaileekin batera talde berri asko egon zirela zehaztu dute antolatzaileek. “Partaidetza bikaina izan zen. Jendeak pozik amaitu zuen, eta prestatutako ibilbidea gustatu zitzaien”.
Izena emandako 84 taldeetatik
82 taldek lehiatu zuten UrdaiRaid-a (hiru talde erretiratu egin ziren). Antolatzaileen berbetan, gehienen helburua esperientzia bizitzea izaten da, “ingurumenagaz kontaktuan egun pasa polita egitea”. “Kirol oso interesgarria da. Ligan parte hartzen duten betiko taldeak markarik onena egiten saiatzen dira, baina talde gehienek ez diote sailkapenari erreparatzen; abentura bizitzera etortzen dira”. Halaber, parte hartutakoen artean inguruko jende nahikoa egon zela azpimarratu dute: “Eta hori ere bazen gure asmoa, bertoko jendea animatzea”.
Hainbat diziplina batzen dituzte abentura Raidek. Zapatuan, esate baterako, rappel egin zuten Atxarren, eta Kayak-etan joan ziren San Antonio hondartzatik Laida hondartzara. Probaren beste zati batzuk korrika eta mendi bizikletetan burutu zituzten.
NonStop Aventura taldeko kideek zehaztu dutenez, normalean, parte hartzaile denak ez dira ibilbideko kontrol puntu guztietatik igarotzen: “Normalean denek ez dute dena egiten. Ibilbidean zehar kontrol puntu batzuk ditugu, eta talde indartsuenek zazpi ordutan puntu guztiak pasatzen dituzte. Bakoitzak ahal duena egiten du, eta puntu gehien lortzen dituenak irabazten du”. Hala, UrdaiRaid-ari dagokionez, hiru kategorietatik (bikote mistoak, emakumezko bikoteak eta gizonezko bikoteak) mutilen hiruzpalatu bikotek burutu zuten ibilbide dena, eta bikote mistoko talde bakarrak.
Bikote misto bat izan zen azkarrena eta puntu gehien batu zituena; Aralar Kirolak-Euskal Raid taldeak 6 ordu, 27 minutu eta 30 segundotan amaitu zuen UrdaiRaid-a, eta 69 puntu eskuratu zituen.
Proba amaitu, eta parte hartzaile guztiek elkarrekin bazkaldu ostean egin zuten sari banaketa ekitaldia. Kategoria bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuak saritu zituzten.
SAILKAPENAK:
- Aralar Kirolak-Euskal Raid: 06.27.30 (69 puntu)
- Sopels Team: 06.49.27 (65 puntu)
- Kalakaua Team: 06.53.39 (60 puntu)
- Clinica Udaberri-Betibilbo: 06.37.03 (69 puntu)
- Euskal Raid Aralar Kirolak: 06.44.48 (69 puntu)
- Vinobike-cron: 06.46.46 (69 puntu)
- Salseras: 07.00.51 (50 puntu)
- Presibane neskak: 07.14.17 (48 puntu)
- Ortulariak: 06:49.19 (29 puntu)
ALBITE HONEKIN LOTUTA:
Abenturaz gozatzeko prest