Apirilean
liburua kaleratu ondoren, Gernikaren Egiak ikusentzunezkoa aurkeztuko du orain Gite-IPESek. Urriaren 26an egingo dute aurkezpena, Bilboko BIBA espazioan eta Gernika-Lumoko Astran. 11:30ean izango da Bilboko aurkezpena, eta 19:00etan Gernika-Lumon egingo dutena. Horrez gain, Gernika BHI institutuan ere eingo dute ikusentzunezko lanaren aurkezpena, 10:00etan, ikasle asanblearekin elkarlanean.
Gaur eguerdian ikusentzunezkoak bilduko duenaren aurrerapen bideoa zabaldu du IPESek. Eztabaida soziala sustatzeko eta lanketarako tresna bezala aurkeztu zuten liburuak zabalpen handiagoa behar duela ohartuta
prestatu dute bideoa. Horretarako, Gernika-Lumoko hainbat ahots bildu dituzte. Gite-IPESeko Haritz Petralanda eta Ibon Meñikak azaldu bezala, liburuarekin ikusi zuten Gernikaren dimentsio politiko, sozial eta kultural horren bitartez eztabaida soziala sustatzeko euskarri bat sortu zutela. “Oso pozik gaude transzendentzia eta garapen hori eduki duelako proiektuak berak. Azken batean, horrek eraman gaitu gogoetatzera, euskarri gehiagoren beharraz gogoetatzera, eta horrek ekarri gaitu gaurkora”, aipatu dute.
Ikusentzunezkoan Gernikaren egiak jaso dituzte. Orain 30 urte Gernikan historialariak bildu zituen mahainguruaren grabazioa oinarri hartuta, gaur egungo errelatoak, hausnarketak, iritziak bildu dituzte. “Gernikan egia asko daudelako, eta mundu zabalean Gernika asko daudelako”. 12-15 bat pertsona elkarrizketatu dituzte guztira, eta, oraingoan, emakumearen ikuspuntuak, emakumeen errelatoak, emakumearen egiak pisu handia izango du.
Herri memoria gaurko lanabesa delako, eta oroimena ez delako atzera begiratzea bakarrik, etorkizuna ahazturan ez geratzeko apustua egin nahi du Gite-IPESek