Balio anitzeko kareharri gorria

Gernika-Lumotik abiatu eta Lekeitiorako bidean, Ereñoko mugan daude Andrabideko harrobiak. Egun utzita dauden kareharrietara aise sar daiteke bisitaria, inolako mugarik gabe.

Historiak badauka garrantzia, baina itxurak ere badu berea. Izango da uste duenik harri bat mineralez osatutako agregatu natural soila dela, baina harriak eta harriak daude; estropezu egitea eragiten dutenak edota balio arkitektoniko, apaingarri zein historikoa dutenak.

harrobiak

Ereño eta Gautegiz Arteaga herrien artean dauden harrobi zaharrak ezagutzen dituenak badaki bataren eta bestearen artean ezberdintzen; badaki berezia den hori gainontzekoetatik bereizten.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbak badauka zer erakutsi, zertaz harro sentitu. Paisaia aberatsa bezain ikusgarria dauka, behatzailearen begietan desagerraraztea zaila den ikuspegia. Aski ezagunak dira bertako hondartza eta mendiak, Omako basoa zein Santimamiñe, itsasadarra, Izaro zein Gaztelugatxe… Eta ezin ukatu Andrabideko harrobien edertasuna.

Muruetagana izeneko gaina igarota aurki daitezke duela 2.000 urteko harrobiok. Horma eta erliebe bertikalez osatutako plaza da parez pare. Atzarraga, Atxoste, Jaime… askotarikoak dira eremu horrek biltzen dituen harrobiak, guztiak Bizkaiko Ondare Historiko izendatutakoak. Kareharri Gorria, Ereñoko Marmol Gorria edo Bilbo Gorria bezala ezagutzen dena erauzten zen bertan, erromatarren garaian hasi eta XX. mende bukaera arte.

Harri berezia da Andrabideko harrobietakoa; fosiletan aberatsa izateak bihurtzen du, alde batetik, hain ederra. Koralen, moluskuen eta abarren hondakin asko dituen harria da. Kretazeo goiztiarrean —duela 145-65 milioi urte— lurraldea estaltzen zuen itsasoaren hondoaren gaineko sedimentazioaren ondorioa da. Kolore gorria du, burdin oxidoz bustitakoa.

Fosiletan aberatsa den kareharri gorriak mugak gainditu, eta munduan hedatua izan da, apaingarri gisa

Erromatarren Inperioaren garaian hasi zuten bertako erauzketa, duela 2.000 bat urte. Garai hartan, gainera, harri horren merkaturatzea hedatzen hasi zen, Araba aldera, kasuan-kasuan. Erdi Aroan eta Aro Modernoan ere erauzketak jarraitzen zuen Andrabideko harrobietan. Zailtasunez, ikasten ez ziren ezagutza mekanikoak zituzten pertsonek egiten zituzten erauzketa lan horiek; horien artean, nekazaritzako lana harrobikoarekin uztartzen zuten baserritarrak zeuden. Horiek mailu, falka, pikatxoi zein barrak erabiltzen zituzten burdin barra gisa, eta modu horretan ateratzen zuten harria bertatik.

Marmol horren garrantzia areagotuz joan zen, eta mugak gaindituz; Bizkaian ez ezik, Italiara zein Ipar Ameriketara ere eramaten hasi ziren. Harrobiak agortuta zeudela uste zuenik izan bazen ere, jarduerak jarraitu egin zuen. 1897. urtean, esaterako, bi harrobi ustiatu zituzten Pedro Aldekozeak eta Juan Manuel Elordik.

Harrobi horien artean dago, adibidez, Atzarragakoa, hain justu, Andrabideko bazterrean. Dokumentuek diotenez, ustiapenaren azken fasea 1968 eta 1989. urteen artean egin zen, Marmoleria Bilbaina SLren eskutik. Atzarragan era mekanizatuan egiten zen erauzketa, hari helikoidaleko zerraketaren aplikazioaren bitartez. Ez ziren ebakitzeko metodo modernoak erabiltzen, ez diamante distirako kableak ezta motozerra handiak ere. Eta bertako ebaketak dira jarduera garrantzitsu egiten dutenak, gure ondare arkitektonikoa bete dutenak.

Baina historiaz eta balio arkitektonikoez harago, kareharri gorriaren edertasuna estimatzen duenik ere bada. Apaingarri gisa erabili izan da han eta hemen; norbanakoen etxeetan zein higiezin publikoetan: Bilboko Areatzako zein Iturribideko iturrietan eta Arriaga antzokian, Gautegiz Arteagako gazteluan… Halaber, eraikin askotako harlanduetan, molduretan, inposta erroetan zein kapiteletan ere antzeman daiteke. Eliza askotan, gainera, bataiarri bezala ere erabili izan da; besteak beste, Lekeition, Ereñon eta Ziortza-Bolibarren. Eta nekazaritzako lanabes gisa ere erabili izan dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

IKUSIENAK

Send this to friend