Aterkipean, kantuan eta dantzan
San Migel jaiak ospatu dituzte asteburuan Mendatan eta Bermeoko San Migel auzoan. Eguraldi txarrak ez du jai girorik zapuztu ez batean ez bestean.Eguraldi txarrak ez zuen zapuztu San Migel jaiak ospatzeko antolatuta zeukaten El Rocio jaialdia Mendatan....
San Migel jaiak ospatu dituzte asteburuan Mendatan eta Bermeoko San Migel auzoan. Eguraldi txarrak ez du jai girorik zapuztu ez batean ez bestean.
Eguraldi txarrak ez zuen zapuztu San Migel jaiak ospatzeko antolatuta zeukaten El Rocio jaialdia Mendatan. Aterkipean eta euritako txanodunagaz hasi zuten zapatuan eguna, baina aurreikusitako moduan, Andaluziako giroak hartu zuen Busturialdeko herria.Euriak etenik izan ez bazuen ere, jai giroak bere horretan jarraitu zuen Mendatan. Gizon, emakume, ume zein nagusi, jai giroan murgildu ziren zapatuan, barikuan hasitako festei jarraipena emanez.
11:00ak inguruan bildu ziren herrikoak zein inguruetakoak El Rocio jaialdiari hasiera emateko. Photocalla aprobetxatuta, argazki ugari atera zituzten, banaka, binaka zein taldean.
Eleizaldetik Mendaturi auzoranzko ohiko ibilaldia egiteko prest zeuden bertan bildutakoak, baina hasi aurretik, Eleizalde girotu zuten Eduardo Florido Rubioren eta Bermeoko Maika abesbatzaren kantuek eta Txo Sevilla taldearen dantzek. Hala, horien saioa bukatutakoan, eta Flamenko ahotsek lagunduta, Mendaturiranzko bidea hartu zuten, zaldi, idi eta amabirjina aurretik zirela. Bidean, geldialdia ere egin zuten, jan-edanerako, eta orduan ere, kantu eta dantzek jarraitu zuten. Behin Mendaturin, modu berean jarraitu dzuten; jan-edanari, dantzei eta kantuari tartea hutsiz. Girorik ez zen falta izan.
Eguerdian, Mendaturitik Eleizaldera egin zuten buelta, eta sanmigelez gozatzen jarraitu zuten bertan. Herri bazkarian bildu ziren, eta iluntzean, su artifizialek hartu zuten Mendatako zerua.
Gauean berriro ere musika flamenkoaren agertoki bilakatu zen herria, bertaratutakoei dantzan eta kantuan aritzeko aukera emanez. Norte Flamencoren musikak girotu zuen herria lehenengo, eta ondoren, DJ Alex eta animatzaileak izan ziren hori egitearen ardura izan zutenak. Bien bitartean, gainera, pintxoak dastatzeko aukera ere eduki zuten frontoian.
Domekan, berriz, umeentzako puzgarriak, meza, briska txapelketa eta txokolate jana eduki zituzten aukeran.
Mendatako sanmigelak domekan amaitu baziren ere, Zarrabenta auzoko jaiek hartuko dute lekukoa asteburu honetan. Zarrabenta auzora bertaratzen direnek ohiko asto probak, makailao jana, erromeria eta zelai meza izango dituzte.
Karpa erraldoia auzoan
Barikuan hasi eta domekara bitartean, Bermeoko San Migel auzoan ere sanmigelak ospatu dituzte. Euritik babesteko, gainera, aurten karpa erraldoi bat jarri dute auzoan. Hala, prestatutako egitaraua bete ahal izan dute.
Beste hainbat gauzaren artean, briska eta mus txapelketetan parte hartzeko aukera izan dute, bai eta auzotik ibilaldi bat egitekoa ere. Bestalde, umeentzako jolasak egon ziren zapatu arratsaldean, eta goizaldera arte dantza egiteko aukera eduki zuten Lotxo eta Urdaibai taldeen musikagaz.
Domeka goizean, herri kirolen erakustaldia egon zen. Harriti Giza Proba taldeko neskek eskaini zuten erakustaldia. Harriti taldea emakume bizkaitarrek osatutako giza proba taldea da, eta emakume kirolari horiek grina, gogoa eta indar izugarria erakusten dute erakustaldi bakoitzean.
Arkaitz Arana entrenatzailearen agindupean, Harritiko neskek 500 kiloko harria 20 metro inguruko probalekuan garraiatu zuten. Aizkolarien erakustaldia ere egon zen, eta adar hotsa ere zabaldu zuten. San Migeleko auzotarrak mahai inguruan batu ziren jaiak agurtzeko.