Eme eta ar txapeldunak Mari Carmen Abendibarrenak izan dira, eta hazi-jartzearen eme txapelduna Prudencio Urkiarena .Guztira, 121 abelburu eta 24 ganadutegi izan dira
Abeltzainen urteko hitzordurik nagusienak ez du hutsik egin; euripean izan bada ere,
Euskal Herriko Pirenaika arrazako 32.lehiaketa hartu du Gernika-Lumok. Epaileek atzo egin zituzten lehen aukeraketak eta gaur erabaki dituzte, ordea, sari nagusiak. Hala, aurtengo lehiaketako
abelbururik onenak Iurretako Jon Koldo Bikandirenak izan dira, «bere produktuaren homogeneotasunagatik eta kalitate handiagatik».
Behi eta zezen onenak
Ganadutegi onenaren saria sarri askotan hartu izan du Bikandik Gernika-Lumon. Iurretarraren arabera, «
urtean-urtean geroz eta maila handiagoa dago, eta abereen prestaketa ere geroz eta hobeagoa» da. Irabazteko sekreturik ez dagoela aitortu du. Berak, behintzat, behi asko dituela, eta horietatik hamabost bat lehiaketetarako asko mainatzen dituela azaldu du. Bestalde, abere zorta on bat lortzeak «asko kostatzen» duela badaki Bikandik, eta behi eta idisko txapeldunak egitea urte askotako lanaren emaitza dela dio. Zorteak ere zerikusia dauka irabazteko orduan, iurretarraren ustez.
Uste berekoa da
eme txapeldunaren eta ar txapeldunaren sariak jaso dituen
Mari Carmen Abendibarren senar Rufino Jaio. Iurretako familia horrek
«gogoa eta ilusioa» jartzen du, baina «norberak jartzen duen interesaz gain,
zorteak ere zerikusia» daukala uste du Jaiok;?izan ere, «behi bati zerbait gertatuz gero, badira beste behi batzuk ere, baina, beharbada, bestearen tamainakorik ez».
Zorteagaz edo zorte gabe, baina aurten ere Mari Carmen Abendibar iurretarraren behi eta zezenak izan dira lehiaketako onenak; epaileen ustez, «arraza-ezaugarri bikainak» baitituzte.
Etorkizuneko abeltzainak. Etorkizunera begira, lasai dira Bikandi eta Jaio; izan ere, «atzetik ilusioa eta gogoa daukan jende gaztea» datorrela aipatu dute, eta hori «poztekoa» dela deritze.
Bestalde,
Bizkaian hiltegirik ez izatea «arazo» dela uste dute biek ala biek. «
Bizkaiak hiltegi bat behar du, eta uste dut horren alde jokatu behar dugula guztiok», aipatu du Jaiok. «Lehen Durangon geneukan hiltegi bat, baina orain harakinek esaten diguten tokira eraman behar ditugu abereak», ganeratu du Bikandik.
Guztira, 121 abelburu. Aurtengo txapelketak 121 abelburu hartu ditu, eta horiek guztiek kategoria ezberdinetan parte hartu dute, beraien adinaren eta sexuaren arabera, eta umea eduki duten ala ez kontuan hartuta.
Ganadutegiak, guztira, 24 izan dira aurten, eta horietan guztietan, bizkaitarrak nagusitu dira. Hain justu, Bizkaitik etorritako hamahiru ganadutegi bildu dira aurten Urriko Lehen Asteleheneko azokan; Gipuzkoatik sei etorri dira, eta Nafarroatik, aldiz, bost. Arabako ganadutegirik ez da izan aurten Gernika-Lumoko lehiaketan.
Atzo goizean egin zuten Urriko Lehen Asteleheneko azokaren aurkezpena. 10:00etan zabaldu zituzten azokako salmenta postuak. Aurten ere, 30 bat postu izan dira, eta horietan, gazta, ogia, txakolina, euskal pastela, bitxiak eta artisauen lanak izan dituzte salgai, besteak beste.
Egun horretan eman zioten hasiera, gainera, abereen lehiaketari; hala, goizean, emeen aukeraketa egin zuten, eta arratsaldean, berriz, arrena. Eta lehiaketako sari nagusiak gaurko utzi dituzte.