Ondarea bizirik dagoelako
'Paisaia bizia. Paisaia eraikuntza' hartu dute lelotzat 2017ko Ondarearen Europako Jardunaldiek; Lea-Artibain eta Busturialdean ere hamaika hitzordu prestatu dituzte, tokian tokiko eragileen laguntzagaz.Bizkaiko Foru Aldundiak aparteko balioa eman dio ...
‘Paisaia bizia. Paisaia eraikuntza’ hartu dute lelotzat 2017ko Ondarearen Europako Jardunaldiek; Lea-Artibain eta Busturialdean ere hamaika hitzordu prestatu dituzte, tokian tokiko eragileen laguntzagaz.
Bizkaiko Foru Aldundiak aparteko balioa eman dio paisaiari 2017ko Ondarearen Europako Jardunaldietan. Paisaia bizia dela agerian geratuko da han-hemenka antolatu dituzten ekimenetan.«Denboraren joanean, hainbat faktorek esku hartu dute gure paisaia taxutzen, hala nola, faktore naturalek, ekonomikoek, sozialek eta kulturalek. Gaur egun ikusten ditugun paisaiak ez dira soilik gure historiaren gertalekuak, ezta bakarrik iraganeko gertakarien lekuko materialak ere. Era berean, subjektu aktiboak eta dinamikoak dira. Horrela, ondareak eta paisaiak iragana ezagutzen laguntzen digute, eta, era berean, denaren gainetik, oraina ulertzen eta geroa irudikatzen», azaldu dute aldundian.
Proposamenez gainezka
Lea-Artibaiko bederatzi herritan eta Busturialdeko bostetan antolatu dira ekimenak; kasu batzuetan, bat baino gehiago. Gehien-gehien Aulestik antolatu ditu, lau, eta haietatik bi hangoxe zuhaitzak protagonista direla.
Oinezko ibilbide gidatuak dira nagusi aukeren artean, baina badira erakusketak, hitzaldiak eta itsasontzizko irtenaldiak ere. Antolatzaileek gomendatu dute bisita egin aurretik ibilbidea ondo planifikatzea, ahal denik eta jarduera gehienetan parte hartu ahal izateko, eta gogoratu dute bisita asko hitzordua eskatuta egin behar direla. Era berean, jarduera ugaritan, landa-bide eta bidezidorretan zehar ibili behar dela diote, eta, beraz, gomendagarria dela oinetako eta arropa erosoak erabiltzea.
Argazkilaritza eskola
Etxebarrian, ondare jardunaldiko ekimen bat jasotzeaz gain, argazki lantegia ere proposatuko dute. Denbora argazkigintza elkarteak, Ondare Lagunekin batera, familientzako argazki lantegia antolatu du Munibe jauregian. Kontzeptu artistiko eta tekniko errazak irakatsiko dira, argazkiei etekin handiena atera eta ikasitakoa Bizkaiko paisaietan praktikan jartzeko helburuz.
Baso paisaia eta kudeaketa ere badago aukeren artean, Urkiola eta Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak elkarlanean antolatutako oinezko ibilbide gidatuan. Lea-Artibain urriaren 21ean izango da ekimena, 10:00etatik 12:00etara. Bisiten bidez, aukera izango da bertoko basoen kudeaketa erak ezagutzeko. «Horrez gain, gure inguruko basoetako langileek basoa mantentzeko egiten dituzten lanak ikusiko ditugu», argitu dute antolatzaileek. Bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz izango dira, eta izena ematean zehaztuko da batzeko lekua.