Gernika-Lumoko Udalak aurrera begira dituen zenbait proiekturen berri eman du, eta horien artean, Merkatu plazan hainbat aldaketa egitea aurreikusten duela azaldu du.
Lehen sektorearentzako «oso garrantzitsua» da Gernikako azoka Jose Mari Gorroño alkatearen ustez, eta, horregatik, berau «indartzea» nahi du udalak. Gernika-Lumon kokatuta dagoen «eskualdeko merkatua» dela dio; Busturialde osoko ekoizle zein erosleak biltzen dituen merkatua. Hori horrela, eskualdeko herri guztietakoak ordezkatuta sentitzea gura du udalak.
Domingo Bernaola kaleari dagokion aldean egin zuten bazala, San Roke,
Domingo Alegria eta Don Tello kaleetan ere kristalak jarriko ditu udalak, merkatuko arkuetan. Eta horiek baliatuz, eskualdeko herri bakoitzaren izena eta armarria irudikatu dute horietan, Busturialdea osatzen duten 20 herriei keinu eginez.
Merkatuaren
kanpoaldeko lurzorua aldatuko dutela eta
teilatua konponduko dutela jakinarazi du Gorroñok. Halaber,
sarrera nagusiari ere itxura aldatuko diote, erakargarriago eta funtzionalagoa bihurtzekotan.
Gernikako astelehenetako azoka «bizirik» dagoela azpimarratu du alkateak, herritarrentzako
231 postu biltzen dituelarik. Horien artean, 14 postu barri daudela eta beste hiruk eskaera egina dutela gaineratu du. Guztira,
178 ekoizle biltzen dituen azoka horretako lanak egiteko 640.000 euro inguruko gastua izango du udalak. Lanok 2017 urte amaiera eta 2018 urte hasiera bitartean hastea aurreikusten dute, eta
ekainerako bukatuta egotea.
Merkatu plazaren
barrualdean ere zenbait lan egingo dituzte:
margoketa lanak, komunetan hobekuntzak, ate eta saretetan hobekuntzak, postuetako estalkien aldaketa… Horretarako, 45.600 euroko inbertsioa egingo du udalak.
Beste proiektu batzuk. Herriko Merkatu plazako lanez gain, Gernika-Lumoko Udalak beste hainbat burutzeko asmoa ere badauka. Esaterako,
Fray Martin de Murua kaleko 28 eta 42 atarien arteko gunea urbanizatuko dute. Lanekin urrian hasteko asmoa daukate eta hilabateren buruan bukatuta izatea espero dute. Lan horietarako 26.000 euroko aurrekontuaz baliatuko da.
Correos eta Astra eraikinaren arteko pasabidearen inguruan ere lanean darraite; hala,
proiektua lantzen ari direla azaldu du alkateak. Abuztuan, azterketa geoteknikoa egin zuten, eta Euskotrenen onespena ere jaso dute. Urri amaierarako proiektua bukatuta egotea espero du udalak, eta gero obra esleitzeko prozesua abiaraziko dute. Hala,
datorren urteko maiatzerako pasabidea gauzatuta egotea espero du. Proiektua bukatu arte aurrekontua zenbatekoa izango den jakin ez arren, lanek 700.000 euro inguruko kostua izango dutela aipatu du Gorroñok.
Udal liburutegia. Bestalde,
liburutegiaren proiektua lehiaketara aterako dutela jakinarazi du. Antzina nesken eskolak ziren eraikinean egin nahi du udalak herrirako liburutegia. Gaur gaurkoz, baina, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarena da eraikin hori, eta udalak eskaera egin zion bere eskuetan gera zedin.
Oraindik Jaurlaritzaren erantzunaren zain dagoen arren,aurrera egitea erabaki du. Eraikin horrek 715 metro karratuko azalera daukala azaldu du alkateak, eta horri %100eko erabilpena ematea dela asmoa.