Bermeoko Udalak, barikuan (irailak 22) egindako bozeramaileen batzordean onartu zuen adierazpena, aho batez. Adierazpen horren bidez, Bermeoko Udalak bere “kezka” adierazten du eta “baztertu” egiten du “egitateen bidez Kataluniako autonomian eragin den esku hartzea”. Horrez gain, “Estatuko segurtasun indar eta kidegoek egindako operazio polizialak” baztertzen ditu.
EH Bilduk deituta, Kataluniari babesa agertzeko elkarretaratzea Bermeon. Argazkia: EH Bildu Bermeo
Bestalde, Bermeoko Udalak Estatuko Gobernuari eskatzen dio “bertan behera utz dezala oinarrizko eta funtsezko askatasunen errepresio-estrategia, demokraziaren oinarrizko printzipioen aurkakoa baita”. Era berean, Kataluniako alkateak deklaratzera deitzea irmoki salatzen du udalak adierazpen instituzionalean; izan ere, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi duenez, “demokrazia praktikan jartzea ahalbideratu nahi duten alkateei elkartasuna adierazi nahi die”.
Hala, Bermeoko Udalak “funtsezko printzipio demokratiko guztiekiko konpromisoa” berresten du. Horregatik, “Kataluniako herriaren asmo demokratikoaren adierazpena ahalbidetzeko eta bere erabakiak errespetatzeko” eskatzen die erakunde ezberdinei, eta erabakiaren berri ematea erabaki dute, Kataluniako Parlamenteko presidenteari, Estatuko Gobernuko presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari.
Bermeoko Udaletik gogorarazi dutenez, “urte luzeetako prozesu baten baitan eta herritarren gehiengo baten eskariari ateak irekiz, etorkizuna libreki erabakitzeko bitarteko demokratikoz hornitu du Kataluniako herriak bere bidea. Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko erabaki irmoa hartu dute”.
“Katalunian herritarren borondatearen eskutik eman diren urratsak, Estatuko Gobernuaren aldetik, indarraren, mespretxuaren eta zaharkitutako legeen ustezko arrazoiarekin erantzun da, eta bide demokratikoaen aurkako eraso larri hori salatu behar da”.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, udaleko bi ordezkarik parte hartuko dute urriaren 1ean, begirale moduan.
Busturian ere, aho batez, onartu dute Kataluniako prozesuari babesa emateko adierazpena.
Errigoiti eta Nabarnizeko udalek eguenean egingo dituzte osoko bilkurak, eta,
bietan Kataluniako prozesuari babesa emateko
mozioak daramatzate gai ordenean.
Eako Udalean bi mozio daudela azaldu dute; bata, EH bildurena, eta bestea, Eusko Alderdi Jeltzalearena (EAJ). Ean,
bihar daukate osoko bilkura.