Bihartik aurrera barikuro eskainiko da Bermesex zerbitzua
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa ematen duen Bermesex zerbitzua martxan hasiko da bihar berriro, udako etenaldiaren ostean. Barikuro eskainiko da zerbitzua, 16:00etatik 17:30era, Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan.
Bermesex zerbitzua publikoa, doakoa eta konfidentziala dela gogorarazi gura izan dute Bermeoko Udaletik. Bermesex zerbitzuaren bidez, herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie, modu partikularrean ezagutu, onartu eta ezagutu daitezen. Helburu hori lortu aldera, gazte, senitarteko eta profesionalekin lan egiten dute.
Bermesex zerbitzuko adituak hainbat gairi buruzko orientazioa ematen du: sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG), antisorgailuak, tabuak, sexu orientazioa…
Orientazioa bideratzeko, hiru eredu izaten dituzte kontuan: programa eredua, kontsulta eredua eta teknologia eredua.
Kontsulta ereduari dagokionez, barikuro, gazte, senitarteko eta profesionalentzako aurrez-aurreko arreta zuzena eskaintzen dute. Profesionalekin koordinatzeko aukera ere egongo dela azaldu dute.
Orientazio ereduaren bidez, hainbat profesional eta familia kideekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak bilatzeko bideak hausnartuko dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu eta ekintza egokienak aztertuz.
Azkenik, programa ereduaren bidez, proposamenak eraikitzeko aukera emango dute. Besteak beste, sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazino kanpainak egin daitezke.
Teknologia berriek gazteei zuzendutako aholkularitza ekintzak burutzeko aukera zabalak eskaintzen dituztela eta, hainbat modu dauzkate harremanetan jartzeko: sare sozialak, korreo elektronikoa… Era berean, skype (bideokonferentziak) eta txat bidezko arreta ere eskaintzen du Bermesex zerbitzuak.