Mendexa Abentura Park inauguratu dute
Udalaren jabetzakoa izanik, UR Nomade enpresak kudeatuko du abentura parkea. Proiektua gauzatzeko aldundiaren eta Jaurlaritzaren diru laguntzak jaso dituzteTurismoa indartzeko erronkagaz, bariku eguerdian aurkeztu eta inauguratu zuten Mendexa Abentura ...
Udalaren jabetzakoa izanik, UR Nomade enpresak kudeatuko du abentura parkea. Proiektua gauzatzeko aldundiaren eta Jaurlaritzaren diru laguntzak jaso dituzte
Turismoa indartzeko erronkagaz, bariku eguerdian aurkeztu eta inauguratu zuten Mendexa Abentura Park. Jesus Mari Anakabe Txakartegi Mendexako alkateak egun pozgarria zela adierazi zuen, orain dela bost urte hasitako proiektua martxan jarri dutelako.Azaldu zuenez, orain dela bost urte turismoari begira plan bat egin zuten, herriko baliabideekin zer egin zezaketen aztertzeko. Mendexan kokatuta egon arren, Lea-Artibai eskualdeko turismorako onuragarria izateko asmoz egina dela nabarmendu zuen. «Lea-Artibaik turismoari begira baliabide asko ditu, eta horiek ustiatu behar ditugu».
Horrela eskualdeko enpresak «ekintza berriak» sortzera animatu zituen, eta horretarako elkarlana beharrezkoa dela zehaztu zuen, turismoari «indar gehiago emateko».
Anakabek abentura parkea egiteko udalak eskuratutako lursailaren jabearentzat esker oneko berbak izan zituen; haren eskuzabaltasuna eskertu zuen. «Proiektua azaldu genion lehen momentutik oso jarrera zabala izan du».
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskertu zuen. Haren berbetan, erakunde publiko horien diru laguntza barik ezinezkoa izango zen abentura parkea egitea.
Landa guneei laguntzen
Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendari Irma Basterrak ere hitza hartu zuen aurkezpen ekitaldian.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta batez bat berak zuzentzen duen Landaren eta Itsasertzaren Garapenen Sailaren helburua landa guneen alde lan egitea dela esan zuen, lekuan lekuko biztanleen ongizatea lagundu eta hobetzeko, bai eta bertako jarduera ekonomikoa sustatzeko ere. «Zentzu honetan benetan uste dugu proiektu hau oso lagungarria izango dela zonalde honetako turismo aktiboa eta jasangarria bultzatzeko, eta herriaren eta, oro har, eskualdearen errekurtso ekonomikoak indartzeko».
Basterrak adierazi zuen Jaurlaritzatik martxan jartzen diren landa garapeneko lanek, estrategiek eta diru laguntzek aukerak ematen dituztela herri txikiek behar dituzten inbertsioak eta zerbitzuak izateko. «Beti ere lankidetzan, auzolanean egindako lana sustatu nahi dugu bertako eragile eta instituzioekin».
Proiektua gauzatzeko eman duten laguntza 257.000 euro ingurukoa dela azaldu zuen.
Lau zirkuitutan banatuta, 70 erronketatik gora eskaintzen ditu parkeak, eta hamazazpi tirolina. Hain zuzen, tirolinak eta erronkak uztartzen ditu.
Udalaren jabetza izanik, UR Nomade enpresak kudeatuko du Mendexa Abentura Park. Bertako zuzendari Arkaitz Erkiagak garrantzitsutzat jo zuen inaugurazio eguna.
Ondoetorriaren eta azalpenen ostean, 13:00ak aldera egin zuten parkearen irekiera ofiziala. Zapatuan zabaldu zuten, eta lehen aste honetan, egunero irekiko dute, eskaintza bereziekin. Gerora, barikutik domekara egongo da zabalik, eta erreserbapean edozein egunetan gozatu ahalko da parkeaz.
Aparkalekua barne hartuta, bi hektareako lur saila da, eta zailtasunaren arabera, lau gune ditu, adinaren eta altueraren arabera bereiztuta. Erkiagaren berbetan, erreferentzizko adinak jarri eta altuerak zehaztu dituzte.
Ume zein helduek erakustaldirako edo ikasteko zirkuitua (demo zirkuitua deritzona) egin beharko dute hasieran, hau da, segurtasun sistema zelan erabiltzen den ikasteko gunea. «Partaide denek egingo dute hasieran, eta parke osoan aurkitzen diren erronken laburpen bat da. Hori pasatzen duenak eta hor formatzen denak gero autonomia dauka parkean modu seguru batean ibiltzeko», azaldu zuen Erkiagak.
Segurtasuna bermatuta
Zirkuitu horia umeena da (Yoko zirkuitua), zirkuitu berdea ume eta helduena (zirkuitu familiarra edo gaztetxoei zuzendutakoa), mailarik errazenekoa, eta beste biak zirkuitu urdina eta gorria dira. Hain zuzen ere, azken hori da zailena. «Zirkuitu urdinean altura pixka bat gehiago hartzen dugu, eta sentsazioak desberdinak dira, erronkak gehiago mugitzen dira…».
Erabiltzaileen segurtasuna bermatu eta arriskurik ez izateko, segurtasun sistema jarraia dauka parkeak. Hau da, ume zein nagusiak autonomiaz burutu ahal dute zirkuitua, baina beti ere monitoreen begiradapean, eta horien aholku eta aginduak jarraituta.
Oreka lantzeko jolasak egiteko aukera eskaintzen du Mendexa Abentura Parkek: tirolinak eta askotariko zubiak (tibetarra, nepaldarra, tximuena…) daude. 70-80 metro bitarteko tirolinak ditu. «Garrantzitsuena parke segurua eta dibertigarria izatea da, ume, gazte zein nagusiek ondo pasatzea eta gozatzea».