25 ekoizleren produktuak egongo dira aukeran azoka ekologikoan
Jakoba Errekondo Busturian egongo da 'Landareak Lantzen' gida-liburua aurkezten. Axpe auzoan kokatuko dituzte salmahaiak, 12:00etatik aurreraBusturiko Axpe auzoak azoka ekologikoa hartuko du zapatuan. 12:00etatik aurrera, bertaratutakoek hainbat produk...
Jakoba Errekondo Busturian egongo da ‘Landareak Lantzen’ gida-liburua aurkezten. Axpe auzoan kokatuko dituzte salmahaiak, 12:00etatik aurrera
Busturiko Axpe auzoak azoka ekologikoa hartuko du zapatuan. 12:00etatik aurrera, bertaratutakoek hainbat produktu edukiko dituzte aukeran. Busturiko Udalak azaldu duenez, 25 ekoizleren salmahaiak egongo dira azoka ekologikoan.Busturiko Udalak eta Lurreko Nekazari Ekologikoen Elkarteak BBKren laguntzagaz antolatzen duten azoka ekologikoaren hamazazpigarren aldia izango da zapatukoa.
Ortuariez gain, marmeladak, gazta eta esnekiak, ogia, pasta ekologikoa, kosmetikoak, eskulanak… egongo dira aukeran. Azoka girotzeko kalejiran ibiliko dira trikitilariak, eta kantu kantari taldekoek abestiz beteko dituzte auzoko txoko ezberdinak. Irrintzi Alai Dantza taldekoen dantza erakustaldia ere ez da faltako.
Iaz hasi ziren azoka ekologikoa irailean egiten, irailean «genero gehiago eta hobea» egoten dela iritzita. Ordura arte, uztailean egiten zuten.
13:00etan, aurkezpena
Azoka ekologikoaren baitan, Jakoba Errekondok bere azken liburua aurkeztuko du, 13:00etan.
Landareak Lantzen gida-liburuan baratzean, fruitu arboletan, lorategietan, basoan… noiz eta zein lan egin azaltzen du Errekondok. Liburuan dauden marrazkiak, berriz, Antton Olariaga irudigileak egin ditu.
Gida-liburu horren helburua 2018an norberaren denbora plazerrez eta ganoraz antolatzeko tresna eraginkorra izatea da, eta, aldi berean, irakurleak agenda moduan erabiltzeko aukera ere izango du. Izan ere, orrialde bakoitzak astebeteko agendaren orria erakusten du, esaera bategaz. Lurra lantzen dutenek aurten egun bakoitzean zer eta nola egin duten idazteko erabili ahalko dute. Lurra lantzen ez dutenek, bestalde, bestelako lanen martxa azaltzeko erabili ahalko dute.
Beste hainbat gauzaren artean, gainera, ongarriei buruzko taulak agertzen dira: landare bakoitzak ongarri bakoitzetik zenbat behar duen erakusten du, eta gaitzen tratamendu naturalak nola egin daitezkeen ere erakusten du.
Argiak kaleratu du gida-liburua, eta horien esanetan, ikasteko, erabiltzeko eta eguneroko bizitzako bizipenekin norberak aberasteko irekia dagoen gida-liburua da. Euskal Herri osoan ekologikoan ekoizten edo eraldatzen duten laborarien zerrenda ere badakar. Herri bakoitzean zein laborarik ze gai egiten duen jarri du Errekondok.
Gida-liburuaren azalpenak lehenengo pertsonan entzun gura dituzten horiek zapatuan izango dute aukera, Errekondo Axpen egongo baita.