Ligaren koroa, aurten ere, Bermeora
Urdaibai da Eusko Label ligaren txapelduna. Bermeoko taldeak irabazi du ligako azken estropada; zazpi bandera lortu ditu aurten. Denboraldi osoan egindako lana eskertuz omenaldi beroa jaso duDenboraldi osoan lidertzari eutsi, eta Eusko Label liga iraba...
Urdaibai da Eusko Label ligaren txapelduna. Bermeoko taldeak irabazi du ligako azken estropada; zazpi bandera lortu ditu aurten. Denboraldi osoan egindako lana eskertuz omenaldi beroa jaso du
Denboraldi osoan lidertzari eutsi, eta Eusko Label liga irabazi du Urdaibaik. Erakutsitako erregulartasunak saria izan du, eta seigarren liga garaipena lortu du talde bermeotarrak (15 jokatu ditu). Zazpi bandera irabazi, eta 201 puntugaz nagusitu dira.Hondarribiak 196 puntugaz amaitu du denboraldia (6 bandera), eta Orio hirugarrenak 181 puntu bildu ditu (4 bandera). Patroien sailkapenean, Iñigo Larrinaga Ondarroako patroia bigarren sailkatu da, Hondarribiako Ioseba Amunarrizen atzetik. Ondarrutarrek zortzigarren amaitu dute liga, 90 puntugaz. Antiguako Ama seigarren sailkatu da asteburuko bi estropadetan.
Urdaibaiko arraunlariek, entrenatzaileak eta gainontzeko taldekideek merezitako harrera eta omenaldia jaso zuten etxean domeka iluntzean. Denboraldi osoan egindako lana txalotu eta eskertu zieten bermeotarrek. Eusko Label ligan irabazitako bandera guztiekin eta koroagaz zeharkatu zuten Lamera, herritarren txalo artean. Agertokira igota, bandera guztiak astindu zituzten.
Bermeotarren babesa
Joseba Fernandez entrenatzaileak esan zuenez, «koroa irabaztea posible izan da arraunlariek zintzo, serio eta konpromiso izugarriagaz lan egin dutelako; beti lanerako prest egon direlako». Hala eta guztiz ere, joan den astean egin bezala, domekan ere, herritarren babesa nabarmendu zuen: «Eskerrik asko estropada guztietan egoteagatik, bai eta egunerokotasunean emandako animoengatik». Irabaztea ez dela erraza izan zehaztu zuen, baina denen artean lortzen ari direla.
Hemendik aurrera gauzak «ez aldatzea» espero duela esan zuen, gainera. Hala, datorren denboraldian ere taldea zuzentzen ariko da pasaitarra.
Taldea uzten duen Xabier Zulaikak ere hitza hartu eta bermeotarren babesa eskertu zuen. Hamahiru urte egin ditu klubean, eta esan zuenez, urte «politak» izan dira Bermeon bizitakoak, «etxean moduan» sentitu dela aipatuta. Debarrak entrenatzaile modura lanean hasiko dela esan zuen beste talde batean. Era berean, Eneko Van Horenbekek ere arraunlari ibilbidea utzi, eta Getxoko taldea entrenatuko du datorren denboral- dian. Bermeoko taldeagaz hainbat momentu on eta garaipen bizi izan dituela esan zuen, eta horiek ahaztuko ez baditu ere, herritarrek urte hauetan guztietan emandako maitasuna «ez duela inoiz ahaztuko» nabarmendu zuen.
Josu Zabalondok taldearen babesleak eskertzeko tartea hartu zuen, bai eta bazkideak ere. Era berean, Bou Bizkaia lagunartearen babesa eskertu, eta eurentzako txaloak eskatu zituen, «inor konturatu gabe, lan handia egiten dutelako». Lamera bete jende egon zela aprobetxatuta, babesle berrien beharra dagoela esan zuen Zabalondok: «Horrelako talde bat mantentzeko beharrezkoak dira babesleak, bestela beste talde batzuek eroango dituzte gure arraunlariak».
Arraunlari guztiak aurkeztu ostean, eta garaipena herritarrekin batera ospatzeko, agertokitik jaitsi ziren arraunlariak, eta herritarrekin batera atera zuten familia argazkia. Ondoren, herritarrek arraunlariekin eta koroagaz argazkiak ateratzeko aukera eduki zuten, eta hainbat izan ziren, gainera, horretarako tartea hartu zuten herritarrak.
Azken estropada
Domekan Portugaleten lehiatu zuten denboraldiko azken estropadan Bermeoko taldeak irabazi zuen El Corte Inlges bandera. Urdaibairen eta Orioren artean egon zen bandera irabazteko lehia. Zapatuan Bermeon legez, domekan ere Eneko Bilbao bermeotarra aritu zen patroi lanetan. 19.10.10 markagaz irabazi zuen talde bermeotarrak ligako azken estropada. Orio 5 segundo eta 32 ehunenera sailkatu zen.
Estropada amaitu berri, Mikel Ojeda Urdaibaiko arraunlari bermeotarrak poztasun handia zutela zehaztu zuen: «Presio handia izan dugu irabazteko, eta uste dut lortu dugula, ondo, gainera. Urte guztiko emaitza hau izan da».
Estropada hasi aurretik Joseba Fernandez Urdaibaiko entrenatzaileak adierazi zuen domekakoa final bat bezala hartu zutela: «Lehia izugarria egon da denboraldi osoan. Zaila izango zaigu, tentsio eguna delako; ez da erraza izango urduritasun hori ondo bideratzea».
Lehia amaitu ostean, aldiz, Erlantz Egia arraunlari gaztea eta Bermeoko herria izan zituen gogoan: «Estropada bakarra jokatu du, eta asko sufritu du. Arraunlari handia da; berak pentsatzen du ezetz, baina arraunlari oso handia da, eta etorkizunean erakutsiko du».
Bermeoko herria zer den azaltzeko «hitzik ez» duela esan zuen: «Hau beraiena da, eta espero dut arratsaldean denak han ikustea, beraiekin gozatzeko».
Bermeoko bandera
Zapatuan Hondarribiak irabazi zuen Bermeo Hiriko 35. Bandera. 19.44.32 denboragaz nagusitu zen, eta etxeko taldea sailkatu zen bigarren, irabazlearengandik 7.52ra.
Estropada bikaina burutu zuten denboraldi osoan Eusko Label liga irabazteko faborito izan direnek.
Etxeko taldea, Hondarribia eta Orio parean zeuden estropada hasieran, baina Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariek aldea handitzea lortu zuten. Estropada osoan alde estua egon zen talde bermeotarraren eta oriotarraren artean.