Galbaixoak festa giro apartean agurtu dituzte
Galbaixotarren Eguna ospatu zuten herenegun, jaiei amaiera emateko; Piñastei Egunak portura eraman ditu herritarrak beste behin, urteroko giro bereziarekin eta sokamuturrarekin gozatzera.Euria nagusi izan den arren, festa giro apartean esan diete agur...
Galbaixotarren Eguna ospatu zuten herenegun, jaiei amaiera emateko; Piñastei Egunak portura eraman ditu herritarrak beste behin, urteroko giro bereziarekin eta sokamuturrarekin gozatzera.
Euria nagusi izan den arren, festa giro apartean esan diete agur mutrikuarrek Galbaixo jaiei.Piñastei Eguna ospatu zuten zapatuan. Mahonezko arropak jantzita, Goiko Plazan eman zioten hasiera egunari. Handik porturaino kalejiran joan ziren herritarrak, erraldoi, buruhandi eta Mutrikuko Musika Bandaren doinuekin lagunduta. Piñastei egunez protagonista izaten den txerriak gidatu zituen guztiak.
Ume eta gaztetxoak txanpon bila ibili ziren, jolasean. Ur eta irinetan sartu zituzten lehenbizi aurpegiak txanponak lortzeko, eta itxulapikoak apurtzen aritu ziren ondoren, begiak itxita eta makilak eskuetan zituztela.
Gazteenak jolasean zebiltzan bitartean, sardina erreak prestatu zituzten Aizabia Elkartekoek Lonja Zaharraren arkupean. Eguerdi partean bildu zen jende gehien sardinak jateko. Guztira, 72 kilo sardina erre zituzten.
13:00etako txapliguak jo eta berehala atera zen lehen zezena. Hesien atzean zeuden ordura arte plaza betetzen zuten herritarrak. Lehen zezen biak euripean ibili ziren euren aurrera irtetzera ausartu zirenen atzetik. Hirugarrenak eta laugarrenak ate- rri izan zuten. Ordu eta erdi inguru iraun zuen goizeko sokamuturrak.
Bestetik, barikuan, Galbaixo Txiki Eguna ospatu zuten, eta urtero bezala, Marmitako Lehiaketa egin zen plazan. Hamasei kazola aurkeztu ziren, eta epaimahaiaren ustez, aurtengo hoberena Mari Jose Arrietarena izan da. Bigarren saria Bartolo Belaustegik jaso zuen, eta hirugarrena, berriz, Xabier Mendigurenek. Enkantean 120 euroan saldu zuten lapiko irabazlea.
Domekan, hiru auzoetako aldekoen meza, probak eta erroemeria egin ziren, eta horiekin eman ziren amaitutzat jaiak.