Euripean hasi dituzte jaiak
Zapatuan ospatu zuten aulestiarrek Santa Eufemiren omenezko eguna. Urregarai zelaian hasitako jaiak herriko plazan izan zuen jarraipena, euriaren eraginez.Euriak ez du jaia nahi bezala ospatzen utzi, hala ere, Santa Eufemi eguneko hitzordua ez dute gal...
Zapatuan ospatu zuten aulestiarrek Santa Eufemiren omenezko eguna. Urregarai zelaian hasitako jaiak herriko plazan izan zuen jarraipena, euriaren eraginez.
Euriak ez du jaia nahi bezala ospatzen utzi, hala ere, Santa Eufemi eguneko hitzordua ez dute galdu nahi izan aulestiarrek. Urtero bezala, ohiturari jarraituta, Urregarairaino igo ziren Santuaren eguna ospatzeko, eta ermitaraino igotzera ere animatu ziren asko.Santa Eufemia eguna zapatuan suertatu bada ere, euria iragarrita zegoenez, astegunean jausten denean beste jende elkartu zen zapatuan, goian. Eta iragarpenek asmatu egin zuten. Izan ere, eguerditik aurrera euri nahikoa egin zuen. Hori dela eta, Urregarai zelaiko bolatokia aterpe bihurtu zen, eta eguraldiari aurpegi ona jarrita, bolo jokoan jardun zuten batzuek.
Eguerdia orduko poneyak eta Esteibar eta Obietaren erromeria mantendu ziren, eta tabernan salda beroa edo mokadutxoa hartzeko aukerari ez zioten ukorik egin Urregaraiko zelaian bildu zirenek.
Baina euriak etenik ez zuela ikusita, 17:00etatik aurrerako ekintzak herrigunera lekualdatzea erabaki zuten antolatzaileek, jendeak arazorik barik parte hartu ahal izateko. Eta hala, bertan jarraitu zuen jaiak. Udaletxeko arkupean jo zuten Esteibarrek eta Obietak, eta 21:30etik aurrera, Akerbeltz taldearen erromeriagaz dantzatu zuten herritarrek plazan.
Egun bi gehiago
Santa Eufemi jaiak hasi besterik ez dira egin. Asteburuan kontzertua eta jaiaren errepikapena egongo dira, beste hainbat ekitaldigaz.
Barikuan, ohi modura, rockzaleek betako dute Aulestiko plaza. Belatz, Sustrajah Band eta Vendetta taldeen kontzertuak entzun eta DJ Bull-ek jarritako musikagaz dantzatzeko aukera izango dute, doan.
Domekan, berriz, Urregaraira igo eta festekin gozatzeko beste aukera bat izango dute zapatuan joaterik eduki ez zutenek. Domekan jokatuko dira 37. Ermitara Igoera lasterketa, 28. Irrintzi Txapelketa, bai eta Bolo Txapelketa ere. Dantzarako aukerarik ere ez da faltako, Esteibar eta Obietak eguerdian eta arratsaldean joko dute eta.
Ibilgailuan gora igo nahi dutenek 11:00ak orduko egin beharko dute. Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxita egongo da ordu horretatik aurrera.