Busturiko Axpe auzoak azoka ekologikoa hartuko du zapatuan.
12:00etatik aurrera, bertaratutakoek hainbat produktu edukiko dituzte aukeran. Busturiko Udaletik azaldu dutenez,
25 ekoizleren salmahaiak egongo dira azoka ekologikoan.
Azoka ekologikoa Busturian
Busturiko Udalak eta Lurreko Nekazari Ekologikoen Elkarteak BBKren laguntzagaz antolatzen duten azoka ekologikoaren hamazazpigarren aldia izango da zapatukoa.
Ortuariez gain, marmeladak, gazta eta esnekiak, ogia, pasta ekologikoa, kosmetikoak, eskulanak… egongo dira aukeran. Azoka girotzeko kalejiran ibiliko dira trikitilariak, eta kantu kantari taldekoek abestiz beteko dituzte auzoko txoko ezberdinak. Irrintzi Alai Dantza taldekoen dantza erakustaldia ere ez da faltako.
Iaz hasi ziren azoka ekologikoa irailean egiten, irailean «genero gehiago eta hobea» egoten dela iritzita. Ordura arte, uztailean egiten zuten.
13:00etan, Jakoba Errekondo. Azoka ekologikoaren baitan, Jakoba Errekondok bere azken liburua aurkeztuko du, 13:00etan.
Landareak Lantzen gida-liburuan baratzean, fritu arboletan, lorategietan, basoan… noiz eta zein lan egin azaltzen du Errekondok. Liburuan dauden marrazkiak, berriz, Antton Olariaga irudigileak egin ditu.