Gernika-Lumoko taldeak bikain hasi du denboraldia. Atzo eguerdian lortutako lau puntuei esker, Ohorezko Mailaren
sailkapenean laugarren dago. Aurretik dauden beste hiru taldeek bosna puntu dituzte. Sanitas Alcobendas Rugby dago sailkapen buru, eta VRAC Quesos Entrepinares eta SilverStorm El Salvador daude bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Atzo etxeko taldeak hartu zuen partidaren kontrola, eta gaztigu-ostiko bati esker markagailuan aurrea hartu zuen 4. minutuan: 3-0. Baina, Gernika RTk berehala erantzun zuen, eta
Bruno Mercantiren irteera baten ostean,
Iker Olaetak gaztigu-ostiko bat transformatu eta berdinketa lortu zuten.
Eduardo Maidaganek eta Nico Martinezek zuzentzen duten taldea zelaian lekua hartzen hasi zen, eta 14. minutuan beste gaztigu-ostiko bategaz markagailuan aurrea hartu zuen. Baina, etxeko taldeak ez zuen etsi, eta gaztigu-ostiko bategaz markagailua berdindu zuen.
34. minutuan heldu zen partiduko
lehenengo entsegua; basurdeen irteera azkar batean,
Facundo Epinal taldera heldu berriak lortu zuen Gernika RTren denboraldiko lehenengo
try-a. Olaetak ez zuen transformatu (6-11).
Argazkia: Anuar Gomez.
Atsedenaldira heldu aurretik Getxo Artea berdinketaren bila aritu zen. Erasora joz, gaztigu-ostiko bati esker hiru puntu lortu zituen, eta
9-11 amaitu zen
lehenengo zatia.
Gernika-Lumoko taldeak zelaira irten eta berehala beste hiru puntu eskuratu zituen, baina getxoztarrak ez ziren atzean geratu, eta gaztigu-ostiko bategaz aldea murriztea lortu zuten (12-14).
Markagailuko alde estua ikusita, basurdeek bazekiten garaipena lortzeko dena eman behar zutela, eta horrela egin zuten. Jokaldi eder bategaz, 55. minutuan
bigarren entsegua egin zuten;
Mateo Bast indartsu sartu zen aurkarien defentsan, eta entsegua lortu zuen. Jokaldi horrek eragin nabarmena izan zuen basurdeen jokoan. Zelaian eroso zeudela igarri zen, eta partiduaren kontrola bereganatu zuten. Hala,
Santiago Viañak neurketa erabakita utzi zuen beste entsegu bat egin zuen (12-26). Partiduko azken minutuetan laugarren entsegua egiten ahalegindu zen talde gernikarra.
Domekan etxeko lehenengo partidua
Denboraldi honetako Urbietako lehenengo partidua domekan (irailak 24) izango da. Talde gernikarrak
Complutense Cisneros talde madrildarra hartuko du etxean.
12:30ean hasiko da bi taldeen arteko neurketa.