Beste urte batez, Gernika-Lumoko zein inguruko txirrindulariek ez dute hutsik egin, eta eguraldiak lagundu ez arren, lagun artean elkartuta egin dute martxa. 09:00ak aldera Merkurio iturriaren paretik irten, eta
108 kilometroko ibilbidea burutu dute. Besteak beste, Natxitua, Ereño, Nabarniz, Astorkigana, Bizkaiko Begiratokia eta Urrutxua zeharkatu dituzte.
Parte hartzaile gehienak 13:00-13:30 bitartean heldu dira Merkuriora. Bertan, jan-edana prest izan dute indarberritzeko, eta ondoren, txirrindularitzako materiala zozkatu dute denen artean. Besteren artean, herriko
Pello Bilbao Astana taldeko txirrindularia aritu da sariak banatzen.
Aixerrotape Zikloturista Elkarteak antolatuta,
Bizikletaren Astearen baitako lasterketa da, eta bihar ume eta gaztetxoen txanda izango da. Hain zuzen, familiei zuzendutako eguna da biharkoa.?Hala, 10:00etatik 11:30era
ginkana eta bizikleta jolasak egingo dituzte, Artekalen. 11:30etan, berriz,
familiarteko martxa txiki solidarioari emango diote hasiera.
Antolatzaileen eskariz, familia bakoitzak elikagai bat eramango du. Batutako jakiak Gurutze Gorriari emango dizkiete, beharra duten pertsonen artean banatzeko. Irailaren 22an,
Kotxerik Gabeko Nazioarteko Eguna dela baliatuta, DBH 4. mailako ikasleentzako hitzaldia emango dute Elai-Alai aretoan. Berbaldia ikasketei eta kirolei buruz izango da.