Memorian gordetako istorioak, begibistara
1936ko gerra Markina-Xemeingo hogei denda eta tabernetako erakusleihoetara ailegatu da, eta garai hartako pasarteak erakusten ditu zuri-beltzean. Gudariak, suntsipena eta herritarrak ageri dira.1936ko irailaren 4an erreketeek Irun eskuratu zuten, Donos...
1936ko gerra Markina-Xemeingo hogei denda eta tabernetako erakusleihoetara ailegatu da, eta garai hartako pasarteak erakusten ditu zuri-beltzean. Gudariak, suntsipena eta herritarrak ageri dira.
1936ko irailaren 4an erreketeek Irun eskuratu zuten, Donostia 13an, eta ia Gipuzkoa osoa konkistatu ostean, irailaren 21ean Elgoibarren sartu eta Etxebarria, Markina eta Xemeingo mendietaraino iritsi ziren. Frankistek irailaren 29an bota zituzten lehen bonbak herritarren aurka, eta hurrengo zazpi hilabeteetan frontea mugitu barik egon zen, eta heriotzak, zaurituak, atxiloketak eta beldurra zabaldu ziren.Garai latz haietan, Markinaldeko sektorea deitu zioten zonalde hartan bizitakoa ezagutu edota hobeto ulertzeko aukera egongo da hilabete honen amai- erara arte Markina-Xemeinen. Ahaztuen Oroimena elkarteak argazki bilduma bat osatu eta herriko hogei denda eta tabernetan jarri ditu ikusgai sasoi hartako bizimodua, gerraren suntsipena, errepresioa, gudariak… hau da, gerraren pasarte ezberdinak bistaratzen dituzten zuri-beltzeko argazkiak.
Panela, Zehar Kalean
Egitasmo horren barne, neurri handiko argazki bat ere jarri dute Zehar Kaleko erakusleiho batean, eta gertaera haien memoria bizirik mantendu asmoz, iraunkorra izango da.
Panel erraldoi horretan Rosario Arriaga Aranburu, miliziano bat (Ahaztuen Oroimeneko kideen ustez Rosa Luxemburgo bataloi komunistakoa), Maria Arriaga Aranburu, Magdalena Aranburu Uriarte eta Jose Arriaga Galdos ageri dira, azken biak lehen neska bien gurasoak.
«1936ko gerra eta haren ondorioez jabetu eta memoria ariketa kolektibo hau aurrera eramateko», erakusketa, ohiko erakusketa gune batean jarri barik, herritarrengandik gertukoak diren, egunerokoak diren espazioak erabili nahi izan dituzte antolatzaileek. Izan ere, nahiz eta gaur egun bitxia edo sinestezina iruditu, argazkiek momentu hartan herritarrek bizi zuten egunerokotasuna islatzen dute, eta gertatu zitzaiena ezagutzeko bide bat eraiki du erakusketak.