Herriko nagusienak ere Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ari dira ospatzen
Hainbat jarduera eroan dituzte zaharren egoitzara. Egoiliarrek herriko ekintzen berri izatea gura du udalak. Senideen eta boluntarioen lana eskertu duteBermeoko Udalaren zaharren egoitzako egoiliarrak ere Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ospatzen dab...
Hainbat jarduera eroan dituzte zaharren egoitzara. Egoiliarrek herriko ekintzen berri izatea gura du udalak. Senideen eta boluntarioen lana eskertu dute
Bermeoko Udalaren zaharren egoitzako egoiliarrak ere Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ospatzen dabiltza. Jaiez gozatzera kanpora atera ezin dutenez, jaietako jarduera asko eta asko zaharren egoitzara eroan dituzte.Hala, besteak beste, Xixiliren eta umeen danborradaren bisita eduki dute, bazkari eta bingo bereziak egiten ari dira, eta Salsa Cubanakoen dantzekin ondo pasatzeko aukera izan dute.
Benito Ibarrolaza Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidenteak azaldu duenez, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemietako jai giroa hurreratu nahi da egoitzara. «Helburu nagusiak dira egoiliarrek herriko ekintzen berri edukitzea, eta ahal duten neurrian parte hartzea, herriko jendeagaz harremana mantentzeko. Era berean, zaharren egoitzan daudenen artean jai giroa sustatu nahi da aisialdiko ekintza ezberdinen bidez».
Bestalde, egoiliarren memoria ere landu gura dute. «Hau da, Bermeoko ohiturak eta gertakizunak gogoratu, egoiliarren autoestimua eta pertsonalitatea landuta».
Ekintzak aurrera eraman ahal izateko, egoiliarren senideez gain, boluntarioen laguntza «ezinbestekoa» izan dela esan du Ibarrolazak, eta guztien lana eskertu gura izan du, «lan ona» egiten baitute.
Azken txanpan
Jaietako azken txanpan sartuta, Xixiliri agur esango diote bihar gauean bermeotarrek. Santa Eufemia eguna dute biharkoa, eta goi-goitik ospatuko dute.
Gaur ere, alkartasun batel estropadak, kamiseta azoka, nagusien danborrada, suziriak, kontzertuak… egongo dira aukeran herritar guztien gozamenerako.